21. Soinurbil

Trikitixa elkartearen oroimen ekitaldia eta Trintxerpeko banda, musika zikloko asteburuko hitzorduak

Noaua Aldizkaria 2025ko mar. 21a, 09:11

Usurbilgo 1972ko Trikitilari Egunak sorrarazitako Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen 50. urtemugako ospakizun eguna antolatu dute larunbatean martxoaren 22an Sutegin. Biharamunean, Trintxerpeko banda izango dugu bisitan. Horiexek dira 40. urtemuga betean den Zumarte Musika Eskolak astebururako iragarri dituen hitzorduak, 21. Soinurbil zikloaren baitan.

Musikaz blaituriko asteburua datorkigu 40. urtemuga betean segitzen duen Zumarte Musika Eskolaren eta Usurbilgo Udalaren eskutik. Izan ere, 21. Soinurbil zikloko zenbait ekintza iragarri dituzte astebururako. Igandean, martxoaren 22an, Trintxerpeko Musika Bandaren kalejira eta kontzertua izango ditugu; bezperan, larunbatean alegia, mende erdia bete duen Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen ekitaldi berezia Sutegin. Izan ere, Usurbil izan zuen bilgune honek sorterri. Bere sorrera oso estuki lotua dago udalerri honekin eta horri gorazarre egingo dio bihar Sutegin antolaturiko ekitaldiak. Laxaro Azkunek eta Manex Torrealdaik eman dizkigute xehetasunak lerrootan.

Nolatan izan zen Usurbil Trikitixa Elkartearen sorreraren abiapuntu?
Laxaro Azkune: 1972an Usurbilen eginiko Trikitilari Egunak halako inflexio puntua sortu zuen. Urte berezi samarra izan zen. Euskal Herri mailan kultur mugimendu edo bultzadak emateko gogoak sortu ziren urte horretan zehar; Usurbilgo Trikitilari Eguna, omenaldia, Iruñean, Tolosan edota Urola bailaran eginiko jardunaldiak... Hor pertsona garrantzitsu bat gure ustez, Joxanton Artze izan zen. Bera agertzen da Azpeitiko jardunaldietan, Usurbilgo antolaketan. Horren aurretik, 1970ean hasi zen trikitilari txapelketen antolaketan Artze, Xabier Leterekin batera. Hor ikusten da, trikiti mundua baserritarren erromerirako izatetik kulturako elementu gisa indar berezi bat eman ziotela, eta hori izan zen abiapuntua. Bestetik, Zeruko Argiako Mikel Atxagak hori bultzatzen lan handia egin zuen. Herriak 1972an emandako erantzuna harrigarria izan zen.  

Are harrigarriagoa, garai eta testuinguru hartan.
L.A.: Kasu honetan, bikote bat omendu zen; Sakabi eta Egañazpi. Bikote hau omentzeak berak adierazten du, hor bazegoela mugimenduari halako keinu bat egin nahia, mugimendu horren figurak baitziren garai hartan. Euskal Herriak frankismotik burua ateratzeko zuen gogo hori islatu zuen jendeak emandako erantzunak. Hor ikusi zen, bazegoela halako gogo bat, komunitate bat eta horri indarra eman behar zitzaiola.

52 urte igaro dira ordutik. Zeintzuk dira elkartearen urteotako ibilbidea definitu duten mugarri nagusiak?
L.A.: 50. urtemugak eragin zuen "Euskal Herriko Trikitixa Elkartea, 50 urte eta gehiago" liburua idaztea, bere historia jaso nahi zelako. Hor bilketa lana egitea kosta zaigu pixka bat, trikiti egunak ez zeuden oso ondo dokumentatuak. Behintzat 1972an hasi eta urtero 1993ra arte, trikitilarien egun batzuk antolatzen joan ziren. Elkarteak gorabehera batzuk izan zituen legeztatze garaikoak eta ondoren. Hasieratik herri batzorde bat izan zen hori martxan jarri zuena eta guk dakigula Artze anaiak, Joxelu Aranburu eta Aizpurua... horiek izan ziren mugimendu honi hasiera eman ziotenak. Usurbilgo batzorde horrek asko lagundu zion hurrengo urteko Azpeitiko Trikitilari Egunari. Hortik aurrera, trikitilari eta panderojoleen artean joan ziren batzordeak sortzen. Hor pertsona gako bat Esteban Larrañaga da. Loiolako antolaketan eta hurrengo trikiti egun guztietan katebegi izan zen eta elkartearen lehenbiziko lehendakaria ere bai. 

Era berean, transmisio kate baten emaitza izan da. 
L.A.: Bai, noski. 1972an, orduko Zeruko Argian egindako elkarrizketan bai Sakabik eta Egañazpik esaten dute jada erromeriak moteltzen hasiak daudela. Jendea jada dantzalekuetara joaten dela. Gizartean bertan, aldaketa bat ari zen gertatzen eta beldur horrek eraginda, mugimendu honi indar edo hauspoa emateko egunak ziren trikiti egun horiek. 1994an batzordeak sortzen dira, elkartea bera egituratzen hasten da. 2000 urte inguruan liberatuekin hasten da, hor beste kultur proiektu bat sortu eta ekintza piloa egiten ditu elkarteak. Hain modu prekarioan hasitako mugimendu batetik, 50 urte hauetan egun duen nolabaiteko egiturara iritsi gara eta ez da gutxi.

Hau guztia hilaren 22n aurkeztuko duzuen liburuan islatu duzue.
Manex Torrealdai: Laxaro Azkunek eta Haritz Garmendiak orain arte trikitixaren inguruan bildu gabe zegoen informazio asko jaso, egituratu eta hori dena liburu batean azaleratu da. Garrantzia handikoa da elkartearentzat eta mundu honentzat, nondik gatozen ezagutzeko.

Usurbilen garrantzia ere ezezaguna izan daiteke eta hein batean. 
M.T.: Neroni izan nintzen lehenengoa, liburua irakurtzen hastean esan nuela Usurbilen ez diogula aitortzarik egin hau dena sortzen aritutakoei. Ohorea da horretaz jabetzea. Usurbilen historikoki Tapiatarrak irakasten aritu dira, Eleuteriotik hasita gero Juan Tapia Zumarten egoteraino. Usurbilen trikitilari piloa daude, hor da Triku taldea.
L.A.: Usurbilek erakutsi du herri mugitua izan dela, garai hartan ere bai. Badirudi, gerora Euskal Herrira zabaldutako trikiti egunen mugimendua berriz ere atzera Gipuzkoara etorri dela. 

Ze presentzia du egun trikitiak plaza edota musika eskoletan?
M.T.: Trikitixarentzat une ona da. Gipuzkoan du indar gehien. Bizkaian ere ikusten dut erromeri mundu hau berriz piztu dela, talde asko atera dira. Trikitixa Elkarteak iaz antolaturiko Trikitixa Eguna Iruñean izan zen. Elkarte gisa, guretzat oso garrantzitsua izan zen 600 trikitilari biltzea. 

Nola egokitu da trikitia testuinguru berrietara? 
M.T.: Trikitixak jakin du egokitzen garaian garaikora oinarria galdu gabe. Elektronikarekin batera elkarbizi den garai honetan, igandero Aristerrazun erromerian bi trikitilari hiru orduz plazan aritzea itzela da. Are gehiago, urteotan gaztetu dela ikustea. Usurbilgo gazte ugari joaten dira orain hara. 
L.A.: Garai hartako soinu txikiarekiko konplexu dezente zegoen. Txistularien aldetik musikari kaxkartzat hartzen zituzten, trikitilariak ere nahiko bazterreko sentitzen ziren. Soinu handia zen hiriguneko erromerietan prestigioa zuena. Soinu txikiak bazirudien ia desagertu egin behar zuela. Bitxia da 1972tik aurrera eta 80. hamarkadakan izan zuen susperraldiaren ondoren, soinu handia dela plazetatik desagertu dena eta soinu txikiak hartu dituen alor horietan guztietan egokitzen jakin izan du. Herri honi aitortu behar zaio hori eta etorkizuna hortik dator. Bakoitzak bilatu dezala bere bidea baina lehengoa ere ahaztu gabe, Aristerrazu ahaztu gabe. Polita litzateke Euskal Herrian Aristerrazukoa bezalako beste hiru bat leku egotea.

Aurrera begira, zer erronka ditu elkarteak?
L.A.: Bada gogoeta garai bat, musikako irakaskuntza profesionalen barruan trikitiaren espezialitatea sartzeko Madrildik etorritako dekretuaren inguruan. 
M.T.: Oraintxe dekretu horren interpretazio garaia da, bazkideekin bildu eta aztertzekoa zer dakarren dekretu horrek. Elkarte gisa ondo etorriko zaigu korronte bat markatzeko eta esateko zein litzatekeen bide egokia bazkideentzat.
L.A.: Liburu honek erakutsi du baita dokumentazio zentro potente baten premia duela elkarteak. Emanda daude lehen urratsak. 

Topaketa modukoa izan nahi du, martxoaren 22ko hitzorduak?
L.A.: 1972ko Trikitilarien Egun hura antolatzeko ideia izan zutenei, nolabaiteko aitortza egin eta eskerrak eman nahi dizkiegu lehen urrats hori eman zutenei, usurbildarrei adieraztearekin batera, egun horretan herri honek izandako protagonismo berezia, liburua aurkeztu eta eskuragarri jartzeaz gain. Guztia, 12:00etan Sutegin.
M.T.: Gero, 13:00ean herrira aterako gara trikipoteoan eta 14:00etan bazkaltzera joango gara Artzabalera (txartelak martxoaren 14ra arte eskuragarri trikitixaelkartea@gmail.com helbidean).


21. Soinurbil
Martxoaren 30era arte
"Janela: leiho bat Gorka Urbizuren unibertsora begira" argazki erakusketa Sutegiko erakustaretoan.
Ordutegia:
-Ostegun eta ostiraletan: 17:30-20:00.
-Larunbat eta igandeetan: 11:30-14:00 / 17:30-20:00.
Hitzorduak:
-Martxoak 21 (18:30), 28 (18:30): bisita gidatuak. Martxoaren 21eko bisitarako gonbidapenak usurbilkultura.eus plataforman aurrez eskuragarri. Hilaren 28koak agortuak.
Zehaztasunak: "Argazki erakusketa honetan Gorka Urbizu musikariak 2024an kaleratu zuen. “Hasiera bat” lanaren, grabaketa prozesuan eta lehen kontzertuetako une berezi eta intimoetan egindako argazkiak aurkezten ditu Ibai Arrieta del Pico argazkilari usurbildarrak. Erakusketa honetan "leiho" txiki bat zabaltzeko proposamena egiten da, kantuaren muinerako bidaian aurkitzen den musikariaren barne mundura gerturatzeko gonbidapena".
Laguntzaileak: Only In Drems /Koldo Mitxelena Kulturgunea/ Gipuzkoako Foru Aldundia.


Martxoak 22, larunbata
12:00
Euskal Herriko Trikitilari Elkartearen 50. urteurren sorrerako ekitaldia Sutegiko auditorioan.
Zehaztasunak: “1972an Usurbilen egindako Trikitixa egun batek erein zuen hazia Euskal Herriko Trikitixa Elkartea sortzeko. Egun horretatik hasita 50 urte luzez lanean dihardu Elkarteak eta 50. urte bete dituen honetan historia gutia biltzen duen liburua idatzi dute Laxaro Azkunek eta Haritz Garmendiak. Liburuaren xehetasunak eta bertako pasarteak kontatzera datoz bi idazleak martxoaren 22an Sutegin egindo den aurkezpenera”.

Martxoak 23, igandea
Trintxerpeko Musika Banda Usurbilen:
12:00 Kalean kalejira.
13:00 Kontzertua frontoian.
Zehaztasunak: “Trintxerpek Illunbe musika-banda 1978-79an hasi zen jotzen eta lehenengo kontzertua jaietan eman zuen, 1979an. Banda osatzen duten kide guztiek Illunbe Musika-Eskolan eta Pasaiako Musika kontserbatorioan ikasi dute. Pasaiako musikako irakasle Fran Berra da zuzendaria”.

Martxoak 27, osteguna
18:30
Zumarteko ikasleen kontzertua Hondarribiko Kultur Etxeko aretoan, hangoekin egindako trukearen baitan.

Martxoak 30, igandea
18:00
Musika Sorkuntzaz berriketan Sutegiko auditorioan.
Hizlariak: Olatz Salvador eta Jokin Pinatxo.
Moderatzailea: Gari Udabe.
Zehaztasunak: “2025ean 40 urte beteko ditu Zumarte Musika Eskolak. Hamaika ikastaro, emanaldi eta bizipen. Hauek denak oroitu eta omentzeko ekitaldi ugari izango dira 2025ean. Ekitaldi hauen barruan kokatzen da "Musika Sorkuntzaz berriketan" hitzaldia”.

Antolatzaileak: Zumarte Musika Eskola eta Usurbilgo Udala.
Laguntzaileak: Salbatore Parrokia eta Gipuzkoako Foru Aldundia.