Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren sinadura bilketa larunbatean

Noaua Aldizkaria 2025ko mar. 21a, 08:39

Herri Ekimen Legegile (HEL) sustatzeko 95.000 sinadura batu ditu dagoeneko Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bi hilabete hauetan. Halere, atxikimenduak biltzeko ekimenak segida izango du larunbatean Sutegi atarian.

Jada 95.000 sinadura bildu dituela berri eman du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak ostiral honetan, Gasteizen eginiko agerraldian.

Gogoan izan, Herri Ekimen Legegile (HEL) bat ari dira sustatzen Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua, "Pentsioak Osatzeko Euskal Sistema bat ezartzeko" eta horren baitan, "14 ordainsaritan 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, lege bihur dadin". Ekimen hau babesteko sinadurak biltzen ari dira herriz herri, tartean, Usurbilen.

Ia 100.000 herritarrek bat egin badute ere kanpaina honekin, asteotan atxikimenduak biltzen segiko du aipatu herri mugimenduak; besteak beste, Usurbilen. Izan ere, larunbatean, martxoaren 22an, sinadurak biltzeko mahaia kokatuko du Sutegi atarian pentsiodunen bilguneko herri ordezkaritzak, 11:30-14:00 artean.

Ekimenak
Urtarrilaren 13an ekin zion Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak sinadura bilketa kanpainari. Ordutik, zenbait ekimen ere bideratu dituzte; otsailaren 4an Bilboko Kafe Antzokian, askotariko herri mugimenduetako 289 ordezkariren babesa jaso zuten. Otsailaren 24an, bestalde, pentsiodunen mugimenduko emakumeek  ehun eragile feministekin topaketa egin zuten. Martxoaren 8an, mobilizazioetan ere parte hartu zuten Herri Ekimen Legegilearen aldeko aldarria plazaratzeko.

Eusko Jaurlaritzak egingo duen txostenera eta gai honi lotutako Gasteizko Legebiltzarren egingo den osoko bilkurara begira da Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua.



Herri Ekimen Legegilea (HEL) babesteko adierazpena, pentsioak osatzeko euskal sistema bat ezartzeko
Eusko Legebiltzarreko Mahaiak izapidetzeko onartu du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Pentsioak Osatzeko Euskal Sistema bat ezartzeko aurkeztutako HEL, eta atea ireki da EHPMaren aldarrikapen historikoa, 14 ordainsaritan 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, lege bihur dadin.

Behean sinatzen dugunok zera adierazten dugu:
Erabateko bidegabekeria iruditzen zaigu milaka pentsiodunek, lan-bizitza oso baten amaieran, gutxieneko diru-sarrera nahikorik ez izatea beren mugikortasun- eta tenperatura-premietara egokitutako etxebizitza eroso bat eskuratzeko, eta oinarrizko gizarte-eskubideak bermatuta ez izatea, hala nola, osasunerako eskubidea, elikadura osasuntsua izateko eskubidea eta mendekotasunaren arretarako zerbitzu egokiak izateko eskubidea.

Urteetan zehar, milaka milioi desbideratu dira helburu desberdinetarako kotizazioetatik pentsio nahikoak bermatzeko erabili beharrean, eta gezurra esan da Pentsio Sistema Publikoaren iraunkortasunari buruz. Horrela, justifikatzen saiatu dira pentsioak eskuratzeko luzamenduak eta zenbatekoa, mugatu eta murriztu duten legeen ezarpena. Horren ondorioz, gero eta gutxiago dira bizitza-baldintza duinak lortzeko aukerak.

Neurri horiek guztiek diru sarrera gutxien duten pertsonei eragin diete bereziki, gehienak emakumeak.

Emakumeek lantokietan jasaten duten diskriminazioak eta prekarietateak, langabezia-tasa handiagoak, lanaldi partzialeko kontratuen proportzio handiagoak eta aitortu eta ordaindu ez diren zaintza-lanetan duten kokapenak pentsiorik baxuenak eskuratzea eragin dute; gutxieneko osagarriak behar dituzten kotizaziopeko pentsioak, 500 € pasatxoko kotizazio gabeko pentsioak (%70ean jasotzen dituzte emakumeek) edo argi eta garbi nahikotasun mailara heltzen ez diren alarguntza-pentsioak.

Bidegabekeria hori konpontzea premiazkoa bezain ezinbestekoa da, eta gutxieneko pentsio duina bermatzea da biderik zuzenena eta eraginkorrena.

Horregatik guztiagatik, lege-ekimen hau babesten dugu, zahartzaroan duintasunez bizitzeko diru-sarrera egokiagoak bermatzen baititu, gutxieneko pentsioa Lanbide Arteko Gutxieneko Soldatarekin parekatuz, hirurogei urtetik gorako pentsiodun bakoitzari beharrezko osagarria esleituz bere bizikidetza harreman direnak direla, eta eskumena duen administrazioak ofizioz aplikatuz, horretarako behar den informazio guztia baitu.

EAEko Gobernuak eta Legebiltzarrak erantzukizun hori bere gain hartzea babesten dugu. Egin dezake horretarako nahikoa baliabide ekonomiko eta eskumen dituelako.

Gizarte zibilari dei egiten diogu justua, premiazkoa eta beharrezkoa den HEL hau sina eta babes dezan.