Euskal Herriko Trikitilari Elkartearen 50. urteurren ekitaldia izan dugu goizean

Noaua Aldizkaria 2025ko mar. 22a, 16:08

Euskal Herriko Trikitilari Elkartearen 50. urteurrenaren harira, hitzaldia eskaini dute 1972an Usurbilen ospatu zuten Trikitilari Eguna oroitzeko.

Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko lehendakaria eta lehendakariordea Sutegira hurbildu dira "Euskal Herriko Trikitixa Elkartea 50 urte eta gehiago" liburuaren aurkezpena egitera liburua idatzi duten Laxaro Azkune eta  Haritz Garmendiarekin batera. Lehendakaria Euskal Herriko egungo trikitilari ezagunenetakoa den Itsaso Elizagoien da, eta lehendakariordea, berriz, Usurbilen ongi baino hobeto ezagutzen dugun Manex Torrealdai herritarra. 

2022an ospatu zituen Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak 50 urte, Usurbilgo Trikitilari Egun hartatik 50 urte pasa zirenean. Data esanguratsu hori aitzakia bikaina izan zen orain arte egindako bidearen inguruan hausnartzeko eta instrumentuaren historian sakontzeko. Horren emaitza da Euskal Herriko Trikitixa Elkartea 50 urte eta gehiago" liburua.

1972ko Usurbilgo Trikitilari Eguna egun bereziki garrantzitsua izan zen garai hartan trikitixa jotzen zuten 100 bat lagun elkartzeko. Ordura arte, herri batzuetan trikitilariak omendu zituzten, baina ez Usurbilen egin zuten bezala talde izaera emanda. Trikitilari bat edo bi omentzea ez zen horren arraroa, baina ikuspegi kolektiboa Usurbilen eman zioten. 

XIX.mendearen bigarren erdian akordeoi txikia Euskal Herrira iritsi zela uste da, nahiz eta ordurako trikitixa existitzen zen gurean. Ez zion egungo trikitixari erreferentzia egiten, ordea, panderoari baizik. Panderoarekin bikote ona egiten zuela ikusita, akordeoi txiki hura trikitixa bilakatu zen eta euskal gizartean indarra hartzen joan zen. 

XX. mende hasieran trikitixa eta trikitilariei egindako erreferentziak aurkitu dira, eta badakigu instrumentuak indarra hartu zuela. Frankismoak apaldu zituen euskal kulturaren hainbat azaleratzeko modu, eta horien artean trikitixa ere bai.

Frankismo garaia amaitu berritan, euskal gizartean indarra hartu zuen kultura eta hizkuntza bultzatu beharrak. Mugimendu horietan herritar ezagun askok hartu zuten parte. Besteak beste, Artze Anaiek eta Zumetatarrek. Eurak izan ziren 1972ko Trikitilari Egunaren sortzaileetako batzuk ere. 100 bat trikitilari zirela uste da garaian, eta Usurbilen jende ugarik hartu zuen parte, baita bi emakumek ere tarteko, trikitilaria bata eta panderojolea bestea. Egun hura giltzarri izan zen Euskal Herriko Trikitixa Elkartea sortzeko. 

Behin aurrekari horiek kontuan izanda eta elkartea sortuta, Trikitilari Egun gehiago ere ospatu ziren hainbat herritan, bai eta Usurbilen ere 80ko hamarkadan. Gerora, egoitza aldaketarena izan da azken urteetan elkarteak hartu duen erabaki nagusiena. 2021ean, bi hamarkada eta gero, elkartea Zarauztik Azpeitira lekualdatu zuten. 

Egun, trikitixa instrumentu indartsua dela esan dute Euskal Herrian eta trikitilari ugari dagoela gure artean. Etorkizuna idazten ari direla ere esan dute eta 50 urte horiek askoz ere gehiago izango direla ziur daude Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko kideak.