Korrika eta ekimen horren bidez AEK, Nepaldala Gobernuz Kanpoko Erakundea duela bi urte... Udarregi ikastolako LH 6. mailako ikasleek urtero elkartasun proiektu bat lantzen dute. Aurtengoan DYA izango da ekimen horren onuraduna. Pasa den aste hasieran irudiko protagonistek NOAUA!ri berri eman ziotenez, aipatu erakundeari "dirulaguntza bat eman nahi diogu, horren premia duen elkarte bat delako". Horrez gain, hurbil sentitzen dute DYA, "gertu dugun GKE bat da", eta ontzat eman dute ekarpen hau egitea.
Laguntza postua
Laguntza biltzeko, astelehen honetan, martxoaren 24an hasi eta hilaren 28ra arte azoka solidarioa antolatu dute. "Bertan, patata tortila pintxoak, bizkotxoak (glutenarekin edo gabe) eta DYA-ko hainbat produktu egongo dira salgai, DYA-koei dirulaguntza bat emateko egingo dugulako ekintza solidario hau", berri eman dute LH6-koek. Etxean prestatuko dituzte jakiak. Dagoeneko dena prest dute; nortzuk ze egunetan ekarriko dituzten jakiok baita azoka horretan zeintzuk arituko diren salmenta lanetan. Bide batez, DYA-rentzako laguntza biltzeko asmoa dutenez, erakunde horrek dituen produktuak ere eskuratu ahalko dira, segidan zerrendatuak dituzuenak.
Egunotan ekimen solidarioa prestatzeko lanetan aritu dira buru-belarri. Egunotako azokaren aurretik, martxoaren 21ean, DYA-ko kideak bisitan izan zituzten ikastolan. Haiekin egiten duten lanaz solasean aritzeko aukera izango zutela berri eman ziguten lerrootako protagonista gazteek. Dagoeneko iragartzen hasiak dira ate joka duten ekimena, NOAUA! bidez ere jakinarazi nahi dutena. Laguntza bilketa honetan parte hartzeko deia egin dute hedabide honen bidez.
Bizi-baldintzen azterlana
Orain arteko lanketak herrialde askotan dituzten bizi-baldintza gogorrez jabetzeko balio izan die, kanpoko laguntza zein beharrezko duten. Izan ere, "hiruhileko honetan, munduan zehar bizi-baldintza ezberdinak daudela aztertu dugu", diziplinartekoa den egitasmoaren baitan. Azterlan horretatik sortu zen elkartasun azoka hau antolatzea, boluntario askoko erakundea izanik eta etenik gabe laguntzen aritzen direla ikusirik. DYA hautatu dute elkartasun bilketa honen onuradun. "Ikusi dugunez, DYA-koak bat datoz gure proiektuarekin".
Azoka solidarioa
Iraupena: martxoak 24-28.
Ordutegia: 16:15-16:45.
Tokia: Agerialdeko patioa. Euria egingo balu, patio horren ondoko frontoian.
Azokako eskaintza:
• Patata trotila pintxoak: 1,50 euro.
• Bizkotxo zatiak: euro bat.
DYA-ko produktuak:
• Katiluak: 8 euro.
• Tapadun katiluak: 15 euro.
• Botilak: 10 euro.
• Telazko poltsak: 6 euro.
• Motxilak 10 litrokoak: 10 euro.
• Karteratxoak: 3 euro.
• Arkatzak, boligrafoak: euro bat.
• Txapak: erosten duenarentzat opari izango dira.
Antolatzailea: Udarregi ikastola.