Udako kanpaldia gero eta gertuago dagoenez, Ziortzak aurre izen-ematea egiteko epeal finkatu du martxoaren 31ra arte. "Ohar garrantzitsua: aurrerago egin beharko den izen-emate ofiziala", baina hori soilik esteka honetako galdetegia betetzen dutenek egin ahalko dute: Ziortzaren kanpaldia
Hiru txanda antolatuko dituzten aurtengo kanpaldian:
• DBH3-4: uztailak 8-17.
• DBH2: uztailak 17-24.
• DBH1: uztailak 24-31.
Gaztetxoentzako datozen aisialdi ekimenak
Usurbilgo Kirol Astea
Aurreko urteen antzera, ate joka ditugun udaberriko oporretarako Kirol Astea antolatu dute LH 3 eta 6 mailen arteko gaztetxoentzat Pagazpe Kirol Elkarteak eta Usurbil F.T.-k. Apirilaren 14tik 17ra, 10:00-13:00 artean izango da. Izena emateko epealdia apirilaren 6ra artekoa izango da. Helbide honetako formularioa osatu beharko da: https//forms.gle/XjNuVYPJgL8s7MmS9
Komiki tailerra liburutegian
Ostiralean, martxoaren 28an egingo dute, 17:30-19:00 artean Sutegi udal liburutegian. Ainara Azpiazu "Axpi"-k bideratuko du saioa. Bertan, “komiki bat egiteko oinarrizko ezagutzak eta baliabideak eskainiko dira”. Saioa LH4tik gorako haur eta gaztetxoei (DBH barne) zuzendua egongo da. Izena aurrez eman beharko da liburutegian bertan.
UEMA-ren udaleku ibiltariak
Usurbilgo udalerria kide duen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) Salto! izeneko udaleku ibiltariak antolatu ditu aurtengoan ere uda hasierarako, 2007-10 urte artean jaiotakoentzat. Martxoaren 31ra arte eman ahalko da izena, udako oporraldi betean murgildu berriak izango diren gazteontzako aisialdiko ekimenean. Tolosaldea eta Goierriko lau udalerri lotuko dituzte udalekuok; Baliarrain, Zaldibia, Ataun eta Idiazabal. Batetik bestera, oinez mugituko dira parte hartzaileak.
"Euskaraz gozatzeko une eta gune dibertigarria"
UEMA-ren udaleku ibiltari eta euskaldunok udalerri euskaldunetako gazteak elkar ezagutu eta saretzea, "euskaraz gozatzeko une eta gune dibertigarria, alaia eta gertukoa" eskaintzea eta "euskaldun gisa ahalduntzeko eta kontzientziatzeko aukera" ematea sustatzen dute.
Zortzi egunez, "herriz herriko mendi-ibilbideak, kantaldiak, kontzertuak, tailerrak..." izango dituzte parte hartzaileek, baita "jolasak, solasak, hausnarketak..." edota harremantzeko aukera ere. Parekidetasuna, aniztasunarekiko errespetua, naturzaletasuna, parte hartzea... dira besteak beste, udalekuon ardatz. Segidan dituzue, udaleku hauei buruzko xehetasunak.
"Hedatu hezkuntza" proiektua
Herritarrak euskararekiko kontzientziatu eta sentsibilizatzen dihardu UEMA-k azken urteotan. "Horren baitan, euskararen arnasguneei eta udalerri euskaldunei buruzko Hedatu hezkuntza proiektua" abian du.
Proiektuaren garapenaren baitan, "hezkuntza arautuaren mugak gainditu eta udalerri euskaldunetako gazteentzako topaketak eta udalekuak antolatu ditu" aipatu mankomunitateak urteotan Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz; lerrootan mintzagai ditugun Salto! udaleku ibiltariak. "Euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea da helburua. Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteak sentsibilizatzea eta saretzea lortu nahi da udaleku hauekin".
"Salto!" udalekuak
Nori zuzenduak: 2007-2010 urte artean jaiotako gazteentzat.
Txandak: 2.
Txanden epealdia: ekainak 22-30, uztailak 2-10.
Bi txanden ibilbidea:
Ekainak 22-24/uztailak 2-4: Baliarrain.
Ekainak 24-26/uztailak 4-6: Zaldibia.
Ekainak 26-28/uztailak 6-8: Ataun.
Ekainak 28-30/uztailak 8-10: Idiazabal.
Izena emateko epealdia: martxoak 31.
Izena emateko bideak: uema.eus edo labur.eus/salto2025izena helbide galdetegia beteta.
Prezioa: 175 euro.
Plaza kopurua: txanda bakoitzean 60 lagun, guztira 120.
Informazio gehiago:
943 816 699
administrazioa@uema.eus
uema.eus