"Komikiaren bereizgarria testua eta irudiaren erabilera da"

Noaua Aldizkaria 2025ko mar. 26a, 09:11

Ainara Azpiazu 'Axpi'-k gidatutako komiki tailerra eskainiko dute liburutegian martxoaren 28an, arratsaldeko 17:30ean hasita. Izen-ematea irekita dago.

Komiki tailerra eskainiko duzu. Zer nolako jarduerak aurreikusten dituzu?
Ordu eta erdiko tailerra izango da. Laburra izango da, eta horrek ez du askorako denborarik ematen. Saio bakarra izatea eskatu zidaten, eta beraz, oinarri batzuk azalduko ditut. 3-4 binetako tira bat osatzea izango da helburua. Zati batean pertsonaia eta diseinatu eta gidoia osatuko dugu, eta hurrengo zatian tira horri forma emango diogu.

8-9 urtetik gorako haurrei zuzenduta dago, DBH barne.
Adin talde bakoitzarentzat egokitutako tailerra izango da, eta saiatuko naiz edukiak egokitzen. Ordu eta erdian ematen du denbora hori egin ahal izateko.

Marrazkia eta narrazioa landuko dituzue?
Komikiaren bereizgarria testua eta irudiaren erabilera da, maila narratibo batean betiere. Testuaren zatia ere landu behar da, eta hori ikaslearen gaitasunen araberakoa izan ohi da. Gidoia egin behar da, erritmo bat eman, pertsonaiak pentsatu, zer esango duten, zein tonutan... Komikiaren bereizgarri horrek egiten du komikia horren eder: testua lantzen da batetik eta bestetik, irudia; elkarren osagarri. Badago hizkuntzaren eta narrazioaren grafikoaren lanketa, eta hori zoragarria da. Irudiaren baitan ere mila gauza lantzeko aukera dago: planoak, sekuentziazioa, estilo grafikoa, kolorea... oso medio aberatsa da.

Nolakoa izaten da sorkuntza prozesua?
Sormena oso gauza pertsonala da, eta artista bakoitzak abestiak oso modu ezberdinean sortzen dituzten bezala, gure kasuan ere bakoitzak bere prozesua du. Batzuetan estrategia batzuk erabili behar ditugu, eta besteetan besteak, ikasle bakoitzak duen sortzeko moduaren arabera. Nik normalean bide bat ematen dut: ideiatik eta testutik abiatzea. Badaude beste mila teknika. Bakoitzak bere prozedurak ditu eta horiek errespetatu eta aurkitu behar dira.

Nola hasi zinen komikigintzan?
Betidanik izan naiz marrazkizalea. Marrazki bizidunak ikusten nituen txikitan, eta etxean komiki klasiko batzuk banituen: Tintin, Asterix eta Obelix... Umetatik izan dut, ordea, halako sentsazio bat komikiarekiko: non daude neskak istorio hauetan? Hori baneukan buruan. Ez nintzen identifikatzen pertsonaiekin. Gerora erabaki nuenean grafismotik jotzea, eta irudia erabiltzea istorioa kontatzeko, komikiarekin topo egin nuen. Bide polit bat iruditu zitzaidan istorioak beste ikuspuntu batetik kontatzeko, eta emakumeak sartzeko. 20 bat urterekin hasi nintzen Hernaniko Kronikan tirak egiten, eta Berrian ere bai. 23-24 urterekin deskubritu nituen nobela grafikoak, eguneroko istorioak ere islatzen dituzten komikiak, eleberri kutsu gehiago dutenak. Asko gustatzen zait haur txikientzat ere komikiak egitea. Pixkanakako bidea izan da; espresio grafikoa lantzeko. Emakumezkoen komikigintza indartsu dabil azkenaldian, eta hori pozgarria da.

Egun zer lan egiten dituzu?
Proiektu batekin nabil lanean, haurrentzat. Ez dakit noiz ikusiko duen argia, baina horretan nabil. Kolaborazio txikiak ere egiten ditut, eta lanean nabil buru-belarri. Tailerrak ere ematen ditut zaletasun hau partekatzeko.