Etzi egingo da martxoari dagokion udalbatzaren osoko bilkura, hilaren 27an hain zuzen, ohi denez, arratsaldeko 18:00etan udaletxeko udalbatza aretoan. Oraingo honetan ere denetariko gaiei egingo diete tartea udalbatzar horretan. Batetik, aurtengo taxi tarifak onartu edo ez bozkatu beharko dute udal ordezkariek.
Ezkontza zibilak ere hizpide izango dituzte udal ordezkariek. Izan ere, apirilaren 1etik aurrera, bake epaitegiek ezingo dute ezkontzarik gidatu, araudian izandako aldaketa bat tarteko. Honenbestez, ordutik aurrera, udaletxean soilik egin ahal izango dira, alkate edo zinegotzi batek gidatuta. Ezkontza mota hauen eskaera kopurua hazten ari dela ikusita, ostegun honetan, martxoaren 27an egingo den udalbatzaren osoko bilkuran onartu asmo duten araudia osatu du udalak. Bertan, ezkontza hauei lotutako xehetasunak zehazten dira; hala nola, ezkontzak egiteko egunak, ordutegia, lekua, ezkontza hauek egin ahal izateko bete beharreko baldintzak, ospakizunok egiteko gunearen erabilerari lotutako arauak...
Osoko bilkura berean, gainera, araudi horren hasierako onarpena bozkatzeaz gain, gizarte larritasunezko egoerei aurre egiteko balioanitzdun etxebizitzen ordenantzaren aldaketari hasierako onespena ematea ere ahotan hartuko dute baita, besteak beste, edota "gizarte larritasunezko egoerei aurre egiteko balioanitzdun etxebizitzetako ordenantzaren aldaketari hasierako onespena ematea" ere bai.
Hona hemen, aste hasiera honetan Usurbilgo Udaletik osteguneko udal bilkura honi begira helarazitako gai-zerrendaren berri:
Udalbatzaren osoko bilkura
Eguna: martxoak 27, osteguna.
Ordua: 18:00.
Tokia: Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoa.
Gai-zerrenda:
1.- 2025eko otsailaren 27ko akta onartzea.
2.- Alkatetzako dekretu hauen berri ematea: 2025eko otsailaren 24tik martxoaren 21era (2025/214-2025/388).
3.- Kontu ematea: 2024ko Usurbilgo Udalaren likidazio ebazpena (2025EKLI0001).
4.- Usurbilgo Udalean ezkontza zibilen ospakizunak arautzen dituen ordenantza hasieraz onartzea (2025UDOR0002).
5.- 2025 urterako Usurbilgo herri barruko taxien tarifak onartzea (2025ZTAX0001).
6.- Santuenea 17. 1.A eta Santuenea 25, 3. ezkerrean kokatutako ondasun higiezinak jabari publikoari lotzeko espedienteari hasierako onespena ematea (2025GBTZ0001).
7.- Gizarte larritasunezko egoerei aurre egiteko balioanitzdun etxebizitzetako ordenantzaren aldaketari hasierako onespena ematea (2025UDOR0003).
8.- Galdera eta eskaerak.