Azken unera arte, astearte goizaldera arte aritu dira negoziatzen baina ez dute akordiorik erdietsi. Horren aurrean, iragarritako greba egunei eustea erabaki dute LAB, ELA, CCOO eta Steilas sindikatuek. "Hezkuntza Sailak ez du bermerik eman hezkuntza sistema hobetuko luketen baliabideak jasotzeko. Horrenbestez, lanean jarraitzea dagokigu, ekarpenak eginez eta kaleak astinduz", LAB sindikatutik aditzera eman dutenez.
ELA-tik ere adierazi dutenez, greba egunon bezperan deitu du Hezkuntza Sailak negoziazio mahaia eta "eskaerei erantzun serio bat ematen ez dion proposamen batekin" joan dela azken orduan gaineratu du. "Greba dinamika zapuzteko" saiakeratzat jo du Hezkuntza Sailaren jokabidea.
Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak "eduki nahikorik ezta bermerik" aurkeztu ez duenez, astearte honetatik ostegunera, martxoaren 25etik 27ra eta apirileko lehenengo bi egunetarako deituak dituzten greba egunei eutsiko diete sindikatuok unibertsitatez kanpoko hezkuntzako sektore publikoan. Eragina izango du, beraz, baita inguruotako ikastetxe zenbaitetan ere.
Hezkuntza Sailarentzat greba ziklo honek "ez du justifikaziorik, neurriz kanpokoa eta arduragabea da" eta hezkuntza-sistema publikoa kaltetzen du.
Testuinguru honetan, gaurtik, 27.000 irakasle daude deituak grebara.