Pil-pilean den gaia dugu etxebizitzarena. Larrialdi egoera eragiten ari den kontu honi lotutako erabakia hartu du Usurbilgo Udalak. Izan ere, udalerri hau "tentsio handiko etxebizitza-merkatuko eremu" izendatzea eskatuko dio Udalak Eusko Jaurlaritzari, astearte honetan Udalak berak jakinarazi duenez.
"Izendapen hori eskuratzeko, bi baldintza ezarriak ditu Etxebizitza Eskubideari buruzko 12/2023 legeak, eta bietako bat betetzea nahikoa da izendapena eskuratzeko: horixe da Usurbilen kasua, eta eskaera egingo du ofizialki martxoaren amaieran".
Udaletik azaldu duten moduan, "tentsio handiko eremu izendapenak hiru urteko epemuga du, eta ondoriozko neurri nagusiek alokairuan dute eragina. Epe hori pasata, luzatzeko aukera izango da, hastapeneko baldintzek jarraitzen badute eta egoera hobetzeko jarduerak justifikatzen badira. Ekintza planean, halaber, etxebizitzaren arazoari aurre egiteko hainbat neurri edo proposamen ere zehazten dira, baita zeintzuk lehenetsiko diren ere.
Alokairuen prezioa handitzea
Udalerri tentsionatu izendako bete beharreko baldintza hauek zeintzuk diren zehaztu du Udalak. "Batetik, azken bost urteetan alokairuaren prezioa KPI Kontsumo Prezioen Indizea baino hiru puntu gehiago igo izana, eta, bestetik, herritarrek euren diru-sarreren %30 baino gehiago bideratzea etxebizitzari lotutako gastuetara (alokairua, hipoteka eta etxeko oinarrizko hornidura gastuak barne hartuta). Usurbilen lehenengo baldintza betetzen da; Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren txostenean, alokairuaren prezioa gehien hazi zen udalerrien artean zerrendatu zuten Usurbil, %19,90-ko igoerarekin. Bigarren baldintza ez du betetzen, baina gutxigatik, %28 inguru bideratzen baita, batez beste, etxebizitzen gastuetara".
Aipatu moduan, baldintza bakarra betetzea aski denez, eta hori udalerri honen kasua izanik, "eskaerarekin aurrera egingo du udalak, aurrez, legeak zehazten duen bezala, bi lan egin ostean. Batetik, herriko etxebizitzen inguruko diagnostikoa egitea, eta, bestetik, hiru urterako ekintza plan bat osatzea: udalak biak esku artean ditu, dagoeneko. Usurbilen kasuan, planaren indarraldia 2026-2028 aldirako litzateke, izendapena ofizialki eskuratzeko 2025 amaiera izango dela aurreikusten baita".
HAPO-arekin bat
Planaren indarraldi horrek behin-behinean onartu duten Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) lehenengo laurtekoarekin egokituko da eta "hala islatu dute planean ere. Izan ere, HAPOan antolatutako etxebizitzen garapen orekatu bati eusteko helburuarekin, epe luzerako eta lau urteko fasekako programazioa aurreikusi zen HAPOan. Hirigintza dokumentu horren behin betiko onarpena 2026rako iristea espero denez, lehenengo laurtekoak eta etxebizitza planak denboran bat egingo dute".
Ekintza plan horretan, "herritarren zaintza beharrak aintzat hartu dira. Helburua da Usurbilgo biztanle guztien etxebizitza-beharrei erantzutea bizitza-ziklo osoan, gazteen emantzipaziotik hasi eta adinekoentzako etxebizitza-baliabideetara, laguntza- eta zaintza-zerbitzuekin; izan ere, bizitzan zehar zaintza beharrak aldatu egiten dira, eta, beraz, baita etxebizitza beharrak ere".
Bilera
Lerrootan aipaturiko etxebizitzen diagnosiaren eta datozen urteotako ekintza plana aurkezteko bilera deitu du Usurbilgo Udalak berak datorren maiatzaren 7an, arratsaldeko 18:00etan Ugartondon kokaturiko belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioan, Txirikordan.