Usurbilgo jaiak

Jai batzordea gaur bilduko da berriz

Noaua Aldizkaria 2025ko mar. 26a, 07:17

Uztaileko lehen astean ospatuko ditugun herriko festak antolatzen segitzeko bilera irekia deitu du gaurko jai batzordeak.

Hiru hilabete pasatxo baino ez dira geratzen herriko festetan murgiltzeko. Gogoan izan, antolaketa lanak abian dira. Otsailaren 13an hasi zen biltzen jai batzordea eta estreinako saio hartan erabaki zuten, aurtengo festak aurreko urteetan baino geroago ospatzea, aspaldiko partez ekaina amaieran ez, uztaila hasieran baizik; uztailaren 1etik 6ra hain zuzen.

Ospakizunak uztailaren 2ko Santixabel egunaren bezperan hasiko dira, beraz. Biharamun hori, uztailaren 2a alegia, gogoan izan, udalerri mailako jaieguna izango da. Asteartez abiatu eta igande gauez amaituko dira aurtengo jaiak.

Usurbilgo festen iraupena zehazteaz gain, festa egun bakoitzean zer eskaini zehazten hasi ziren baita, gerora egindako bilkuretan. Izan ere, herriko jaiei lotutako erabaki guztiak bilgune honetan hartzen dira. Horregatik, bilerak irekiak izaten dira, norbanako nahiz eragile orok parte har dezake.

Uztailaren 1etik 6ra ospatuko diren Usurbilgo jaiak antolatzen segitzeko bilera irekia deitu du jai batzordeak astezken honetan, martxoaren 26an arratsaldeko 18:00etan Potxoenean.