Zenbait ikastaro eta tailer antolatu dituzte beste hainbeste herri eragileek hurrengo asteotarako. Haietako bat hilaren 22an abiarazi zuen Bihurri ludotekak; 'lehen sorospenak haurtzaroan' izenekoa. DYAko kideen eskutik hasi ziren eskaintzen, larunbat honetan izango du segida.
Hurrengo asteotarako iragarritako gainerako ikastaroen berri duzue segidan:
Komiki tailerra liburutegian
Ostiralean, martxoaren 28an egingo dute, 17:30-19:00 artean Sutegi udal liburutegian. Ainara Azpiazu "Axpi"-k bideratuko du saioa. Bertan, “komiki bat egiteko oinarrizko ezagutzak eta baliabideak eskainiko dira”. Saioa LH4tik gorako haur eta gaztetxoei (DBH barne) zuzendua egongo da. Izena aurrez eman beharko da liburutegian bertan.
Alkartasuna kooperatiba
"Bioaniztasun dekalogoa: intsektuen hotelak egiteko tailerra" antolatu du Alkartasuna kooperatibak apirilaren 10erako, 14:30-16:30 artean, Agerreazpiko baratzetan. "Nola erakarri intsektu laguntzaileak (polinizatzaileak, beste intsektuak garbitzen dituztenak etab.) gure sagastira, baratzera edota lorategira", horri buruz jardungo dute, ingurumen zientzien dibulgazioan aditu Mateo Reglarekin. "Agerreazpiko baratzeetan, eta Udarregi ikastolako ikasleekin eta etorri nahi duen guztiarekin batera, hain garrantzitsuak diren intsektuentzako hotelak egiteko tailerra burutuko da".
Saiorako izena doan eman ahalko da, Alkartasunako telefonoan (943 361114) edo alkartasuna.eus web orrian.
Emakumeon Etxea
Emakume eta gizon subjektutasunaren inguruko tailerra antolatu du Usurbilgo Emakumeon Etxeak Hiru Larroxaren eskutik Kalezarko Pelaioenean. Apirilaren 11n izango da, arratsaldeko 17:30etan. "Egingo den tailer proposamenean, teoria feminista eta queerretan egin diren proposamen desberdinak ikusiko dira, zeintzuek tailerrean parte hartuko duten gizon, emakume zein pertsona ez binarioen arteko botere harremanen lanketa ahalbidetuko duten". Tailerrerako izena bideotatik eman ahalko da:
943 377 112
emakumeonetxea@usurbil.eus
Hik Hasi
2025-26 ikasturterako eskaintzaren baitan, “psikomotrizitate erlazionala: aukera berdintasuna eta emozioak” izeneko formazio saioak iragarri ditu Hik Hasi-k Usurbilen. Irailetik ekainera izango dira, hilero bi ostiral arratsaldeetan, 17:00-21:00 artean. Mapi Urresti psikologo, sexologo eta harreman psikomotrizistak gidatuko ditu. “Psikomotrizitateak haurrari segurtasun lekua eskaintzen dio eta horretarako beharrezkoa da formazio honetan lantzen diren eduki eta bizipen saioak egitea”. Segurtasun leku horretan “haurrari emozio eta desioak” adierazita, “bere garapen afektibo emozionala orekatua bideratuko da”. Eduki teoriko eta praktikoak nahiz bizipen eta jolas saioak tartekatuko dituzte formazio saio hauek. Izen-ematea eta informazio gehiago esteka honetan: labur.eus/p1i11odj
KzGunea
Martxoan goizez irekiko dute, 9:00-13:00 artean, apirilaren 1etik aurrera, 16:00-20:00 artean. Honatx apirilean zehar izango diren ikastaroen berri:
-Apirilak 1-2, 18:00-20:00 "X (Twitter) zure Smartphonean".
-Apirilak 3-14, 16:00-18:00 "Kudeatu zaitez Google aplikazioekin".
-Apirilak 15-16, 16:00-18:00 "Online izapideak Osakidetzarekin".
-Apirilak 28-30, 16:00-18:00 "Canva. Ikasi diseinatzen".
Informazio gehiagorako:
Kale Nagusia, 37
943 023 684
tutor.usurbil@kzgunea.net
Hitz Aho
"Xut, udaberriari keinu" izeneko tailerra antolatu du Hitz Aho Udarregi ikastolako guraso elkarteak, apirilaren 22tik 25era, 10:30-12:00 artean Udarregi ikastolan. "Naturarekin bat eginez, udaberria interpretatuko dugu irudiz eta hitzez". Zehaztu dutenez, “banakako zein taldeko ariketak egingo ditugu hiru dimentsioetako irudiak sortuz. Tamaina handian margotu eta idatziko dugu. Animalia eta landare desberdinak azalduko dira bertan. Garaiari loturiko soinu eta onomatopeiek ere jantziko dute lana. Bukatzeko, ipuin ezberdinak sortuko ditugu”. Zorione Mendezek bideratuko duen ekimena, 7-12 urte artekoei zuzendua egongo da. Izena emateko formulario hau bete beharko da: https://forms.gle/VzKPN1f8XoyqvG8h9
Kantu ikastaroa
Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak ikasturte berria abian du urtarrilaz geroztik. Ikastaroko saioak astelehenero izaten dituzte 18:00etan Agerialdeko musika gelan. Hileroko kantu-jira prestatzen dute bertan. Gogoan izan, otsailekoa bezala, martxokoa ere hilabeteko azken larunbat honetan ez, igandean, hilaren 30ean izango da. 12:00etan abiatuko da Mikel Laboa plazatik. Ez ahaztu kantu-liburuxka eramatea.