Ohartarazpena egina dago jada eta herria girotzen hasi dira. Orain bai, datorren laugarren Euskaraldirako atzerako kontaketa betean gara. Hala gaudela gogoraraziko digun pankarta eseki du Irazu kalean, Sutegiren eta frontoiaren artean, hizkuntza ohituretan eragin asmo duen ekimena Usurbilen sustatzen ari den herri batzordeak. "Elkar mugituz egingo dugu", dio pankartak. Hamaika egunez udalerri honetan euskaraz gehiago, gehigorekin eta gehiagotan aritzeko konpromisoa hartuko dute norbanako gisa ahobizi eta belarriprest guztiek, baita era kolektiboan denetariko entitateek ere.
Gogoan izan, udazkenaz geroztik zabalik dela entitateen izen-ematea eta martxoaren 15az geroztik baita norbanakoena ere.
Ahobizi eta belarripresten izen-ematea
Entitateek hilabeteotan izena emateko aukera izan dute eta dute oraindik. Ahobiziek eta belarriprestek ere izena emateko epealdia zabalik dute. Herritarrek "oso-oso modu errazean" eman dezakete izena; izenematea.euskaraldia.eus atarian sartuta hain zuzen. Bertan dagoen formularioa osatu beharko da.
Norbanako parte hartzaile guztiek izena emateak duen garrantziaz ohartarazi dute Euskaraldiaren sustatzaileek. Izan ere, "horrek ahalbidetuko du gero Euskaraldiaren inguruko ikerketa e ahal izatea, parte hartzaileen jarraipena egitea, txapak banatzea, eta batez ere, prestakuntza tresna eta aholkuak helarazi ahal izatea".
Ahobizi edo belarriprest gisa izena emandakoan, hurrengo urratsa rol horri dagokion txapa eskuratzea izango da. Euskaraldiarekin bat egin dela adieraztearekin batera, zer modutan parte hartuko duen irudikatuko duen soinean eramateko baliabide hau nork bere herrian eskuratu ahalko du, tokian tokiko herri batzordearen eskutik. Txapa jaso ostean, gero, Euskaraldiak iraungo duen hamaika egunetan, maiatzaren 15etik 25era soinean jantzi beharko da, "aurrean den ezezagunak euskaraz badakien erakutsiko baitu txapak. Norberarentzat baino besteentzat keinu bat da txapa, beraz".
Hala, sarritan aipatu ohi den "estres linguistikoa" txapak ezabatuko duela nabarmendu dute. "Izan ere, estres linguistikoa da pertsona elebidun batek, ezezagunen aurrean, hizkuntza gutxiagotua hobesteak ekartzen dion tentsioa. Txapa ikusita bai baitakigu aurrean dugunak euskaraz ulertzen duela, behinik behin. Hala, txapak mezu argia ematen dio aurreran duenari “nirekin egizu euskaraz!”.
Euskaraldiak iraungo duen hamaika egunetatik haratago, urte osoan, ariketa kolektibo honek bultzaturiko jarrerei eusteko deia egin dute, "izan ere, urte guztian behar ditugu euskaldunak euskaraz".
Ahobizi
-Orain arte euskaraz izan dituzun elkarrizketek euskarazkoak izaten jarraituko dute; baina, orain arte erdaraz izandako elkarrizketa batzuk euskaraz edo elebiz izatea ere lortuko duzu.
-Jarrera aktiboa izango duzu, beraz. Zure harreman sarean dituzun hizkuntza praktikak aztertu eta euskarara aldatzeko aukera duzun horietan eragingo duzu. Hizkuntza aldaketarako aukeratu dituzun harreman horietan ezezik, zure bizitzako esparru guztietan euskaraz arituko zara, ahal den guztietan, ahal duzun guztiekin.
-Bi aldeek euskaraz ulertzen badute, ez dago euskaraz ez egiteko arrazoirik. Ahobizi eta belarriprest ugari izango baitituzu inguruan.
Belarriprest
-Orain arte euskaraz izan dituzun elkarrizketek euskarazkoak izaten jarraituko dute, baina orain arte erdaraz izandako elkarrizketa batzuk euskaraz edo elebiz izatea ere lortuko duzu.
-Jarrera aktiboa izango duzu, beraz, gonbitea egingo baitiezu euskal hiztunek zurekin euskaraz hitz egin dezaten. Oso garrantzitsua da zure funtzioa, euskarazko elkarrizketak sortzen lagundu eta euskara erabiltzeko giro babestua sortuko duzulako.
-Ariketa egiten duzun bitartean giro babestua izango duzu, ahobizi eta belarriprest ugari izango baitituzu inguruan.