EAJ, Haurreskola Partzuergoan integratzearen alde

Erredakzioa 2025ko mar. 27a, 10:53

Mozio bat erregistratu du, helburu argi batekin: "zerbitzua doakoa, publiko eta kalitatezkoa bihurtzea, herritarren mesedetan".

Usurbilgo Udalak eskaintzen duen haurreskola zerbitzua, Haurreskolen Partzuergoan integratzearen aldekoa da EAJ-PNV alderdia. "Helburua argia da: zerbitzua doakoa, publiko eta kalitatezkoa bihurtzea, herritarren mesedetan", prentsa-ohar bidez jakinarazi duenez. Eta eskaera eztabaidatua izan dadin, mozio bat erregistratu du udaletxean.

Alderdi jeltzaleak gogora ekarri nahi du "2022ko apirilaren 7an sinatutako Hezkuntza Akordioak Haurreskolen Partzuergoaren aldeko apustua berretsi zuela, eta zerbitzua unibertsala eta doakoa izatea ezarri zuen. Horren ondorioz, 2022/2023 ikasturtetik aurrera, Haurreskolen Partzuergoak eskaintzen duen zerbitzua doakoa da familientzat".

EAJ-PNV: "Udala Hezkuntza Sailarekin eta Haurreskolen Partzuergoarekin elkarlanean aritzea eskatzen dugu, prozesua ahalik eta azkarren gauzatzeko, eta familien beharretara doitzeko"

Mozio honen bitartez, "EAJ-PNVk gaia udalbatzara eraman nahi du, Usurbilgo Udalak urratsak eman ditzan, gaur egungo zerbitzua Haurreskolen Partzuergoan integra dadin".

Urrats honek hainbat abantaila ekarriko lituzkeela dio EAJk:

• Usurbilgo haur eta familiek doako zerbitzu publiko bat izango dute, kalitatezko irizpideekin.

• Udal aurrekontuan eragina: Partzuergoan sartzeak karga hori arindu eta baliabide gehiago ahalbidetuko lituzke beste udal zerbitzuak indartu edo inbertsio berriak egiteko.

• Langileen egoeraren errespetua: prozesua egungo langileen eskubideak bermatuz egingo da, eta borondatea badago, langileek Haurreskolen Partzuergoan integratzeko aukera izango dute.

"Prozesu hau ahalik eta azkarren gauzatzeko, eta familien beharretara doitzeko", Hezkuntza Sailarekin eta Haurreskolen Partzuergoarekin elkarlanean hasteko premia nabarmendu du alderdi jeltzaleak.