Bakardade ez hautatuaren inguruan herritarrek duten pertzepzioa adierazi eta jasotzea du xede Usurbilgo Udalak prestatu duen galdetegiak. "Zaintza ekosistemaren lanketatik sortu da gaia aztertzeko beharra, eta lehenengo urratsa herritarren ikuspuntua jasotzea izango da", Udalak aurreikusi duenez.
Anonimoki osatu ahalko da galdetegia bera, Internet bidez edota paperean. Paperekoa etxez etxe banatzen ari da Udala egunotan, Udalberri aldizkariarekin batera. Modu horretan osatzen dutenentzat hainbat kutxa kokatu ditu Udalak herrian zehar, tokiotan: udaletxea, Potxoenea, kiroldegia, Emakumeon Etxea, osasun zentroa, Artzabal, Opil Goxo, Otar-Goxo, Kaffa kafetegia, Laurok, Arruti harategia, Aginagako eta Santueneako jubilatuen elkarteak, Egurtzegiko taberna, Zubietako Alamandegi taberna, Esnaola janari denda. Gune hauetan kokaturiko kutxetako batean utzi ahalko da galdetegi hori, apirilaren 16a baino lehen.
Online ere osatu ahalko da, esteka honetan hain zuzen: bakardade ez hautatuari buruzko galdetegia.
Auzo-zaintza proiekturako
Bakardade ez hautatuari buruzko galdetegia Usurbilgo Udalak herrian auzo-zaintza proiektu bat abiarazteko asmoa duelako da, Zabalduz kooperatibaren bidez. Egitasmoa bera definitu aurretik bakardade ez hautatuari buruzko herritarren pertzepzioa jaso nahi dute. "Galdetegiez gain, elkarrizketak ere egingo dira herriko hainbat eragilerekin. Informazio hori guztia aztertu eta ondorioak aterako dituzte, gero, zein behar dauden ezagutu eta beharrezkoak diren esku hartzeak planifikatzeko".
Printzipioz, auzo-zaintza proiektu pilotu bat martxan jarri asmo dute, auzo zehatz batean. "Komunitateak zaintza eskaintzeko izan dezakeen potentzialitatea aprobetxatu nahi da, alegia, herrikideak zaintzeko komunitateak egin dezakeen ekarpena baloratzea. Hala ere, ez da baztertzen galdetegi eta elkarrizketetatik bestelako beharrak azaleratzeko aukera. Garatuko den proiektua eta diagnostikoaren emaitzak udaberrian aurkeztea aurreikusten da".
Zaintza eredu berriaren beharra
Bestelako zaintza sistema baten beharra bazen lehendik ere baina hori argi azaleratu zuen 2020tik aurrera covid19ak murgilarazi gintuen osasun krisialdiak; "egungo zaintza sistema ez dela gizartearen eraldaketara egokitu, eta, beraz, ez dela gai zaintza egoki bat emateko. Eraldaketa horren adierazle dira familia ereduen aldaketa, emakumearen lan munduratzea, indibidualismoa, landa-eremuen despopulazioa, eta abar. Hori ikusita, pandemian bertan jarri zen martxan, Usurbilen, zaintza eredu berri bat eraikitzeko lanketa".
Besteak beste, zaintzarena ere izan zen osasun krisialdi hark agerian utzi zuen asko zirela herrian bakarrik bizi ziren herrikideak. "Telefonoz deitu zien udalak 65 urtetik gora izan eta bakarrik bizi ziren herrikideei, zer moduz zeuden galdetu eta euren beharrak ezagutzeko. Zaintza eredu berri baten beharra nabarmen geratu zen orduan, eta horri erantzuteko modu gisa auzo-zaintza sareak sortzeko aukera jaso zuten".
Egitasmo hau definitu aurretik, aipatu moduan, galdetegi hau betetzeko deia egin du Udalak.
Auzo-zaintza sareak sortzeko proiektuari buruzko buruzko xehetasunak larunbatean eskainiko ditu Udalak, 11:00etan Sutegin deitu duen "Usurbil herri zaintzailea" ekitaldian.
"Usurbil herri zaintzailea" ekitaldia
Eguna: martxoak 29, larunbata.
Ordua: 11:00-13:30.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Ekitaldiaren edukia:
1-"Usurbil, herri zaintzailea" dokumentalaren aurkezpena.
2-Arreta ereduaren eraldaketa: bizi planen aurkezpena.
3-Usurbilgo zaintza ekosistemaren egituraren aurkezpena.
4-Komunitatearen ekarpena, martxan dauden proiektuen aurkezpena: Txirikorda, HurBilduz auzo-zaintza proiektua, HarEman, merkataritza zaintzailea, gazteak eta buru osasunaren lanketa.
5-Amaieran, mokadutxo bat izango da.
Gonbidapenak: usurbilkultura.eus plataforman eskuratu ahalko dira.
Antolatzaileak: Herri Zaintzailea Usurbil, Usurbilgo Udala.