21. Soinurbil

"Janela" erakusketako azken bisita gidaturako gonbidapenak agortuak

Noaua Aldizkaria 2025ko mar. 26a, 08:53

Ibai Arrieta del Pico usurbildarraren "Janela: leiho bat Gorka Urbizuren unibertsora begira" argazki erakusketaren baitan antolaturiko bisita gidatuetan azkena, ostiralean, martxoaren 28an izango da. Usurbilkultura.eus plataforman zeuden gonbidapenak agortu dira.

Zumarte Musika Eskolaren 40. urtemugako 21. Soinurbil zikloaren baitan, duela bi aste ireki zuten Sutegin "Janela: leiho bat Gorka Urbizuren unibertsora begira" izeneko Ibai Arrieta del Pico argazkilari usurbildarraren erakusketa.

Bertan, Berri Txarrak taldea desegin ostean, Urbizuren bakarkako lehen lanaren sorkuntza prozesua iruditan ikusgai izango duzue hilaren 30era arte. Tarte horretan, hiru bisita gidatu programatuak zituzten erakusketaren nondik norakoen berri jasotzeko. Lehenengo biak, hilaren 15ean eta 21ean egin zituzten.

Azkena, ostiral honetarako, martxoaren 28rako dute programatua, baina hitzordurako gonbidapenik ez dago jada usurbilkultura.eus plataforman.

Erakusketaz gain, hauek dira 21. Soinurbil borobiltzeko geratzen diren azken ekintzak:

21. Soinurbil
Martxoaren 30era arte
"Janela: leiho bat Gorka Urbizuren unibertsora begira" argazki erakusketa Sutegiko erakustaretoan.
Ordutegia:
-Ostegun eta ostiraletan: 17:30-20:00.
-Larunbat eta igandeetan: 11:30-14:00 / 17:30-20:00.
Hitzorduak:
-Martxoak 21 (18:30), 28 (18:30): bisita gidatuak. Martxoaren 21eko bisitarako gonbidapenak usurbilkultura.eus plataforman aurrez eskuragarri. Hilaren 28koak agortuak.
Zehaztasunak: "Argazki erakusketa honetan Gorka Urbizu musikariak 2024an kaleratu zuen. “Hasiera bat” lanaren, grabaketa prozesuan eta lehen kontzertuetako une berezi eta intimoetan egindako argazkiak aurkezten ditu Ibai Arrieta del Pico argazkilari usurbildarrak. Erakusketa honetan "leiho" txiki bat zabaltzeko proposamena egiten da, kantuaren muinerako bidaian aurkitzen den musikariaren barne mundura gerturatzeko gonbidapena".
Laguntzaileak: Only In Drems /Koldo Mitxelena Kulturgunea/ Gipuzkoako Foru Aldundia.


Martxoak 27, osteguna
18:30
Zumarteko ikasleen kontzertua Hondarribiko Kultur Etxeko aretoan, hangoekin egindako trukearen baitan.

Martxoak 30, igandea
18:00
Musika Sorkuntzaz berriketan Sutegiko auditorioan.
Hizlariak: Olatz Salvador eta Jokin Pinatxo.
Moderatzailea: Gari Udabe.
Zehaztasunak: “2025ean 40 urte beteko ditu Zumarte Musika Eskolak. Hamaika ikastaro, emanaldi eta bizipen. Hauek denak oroitu eta omentzeko ekitaldi ugari izango dira 2025ean. Ekitaldi hauen barruan kokatzen da "Musika Sorkuntzaz berriketan" hitzaldia”.

Antolatzaileak: Zumarte Musika Eskola eta Usurbilgo Udala.
Laguntzaileak: Salbatore Parrokia eta Gipuzkoako Foru Aldundia.