Duela hilabete jakinarazi zuen Usurbilgo Udalak Munalurran duen udal ekipamendua kaltetu zutela. DYAk baliatzen duen eremu hau, ikasgela gisa baliatzeko aukera dago urte osoan eta otsaila amaieran salatu zutenez, "Munalurrako ikasketa gelan kalteak eragin ditu baten batek: pareta eta lurra zulatzeaz gainera, atea behartzen saiatu dira". Jazotakoaren ondotik adierazi zutenez, "halako jokaerak onartezinak dira: denon ardura da udal-ekipamenduak zaintzea".
Ordutik hona, Udaletik berri eman dutenez, bi alditan kaltetu dute gunea, "hango ate, pareta eta bestelako baliabideetan" kalte materialak eragin dituzte, hilabete luzetan inolako arazorik egon ez denean.
Azken hilabetean izandako kalte materialen harira, Usurbilgo Udalak bertako erabiltzaileekin bildu nahi du. Horretarako, bilera deitu du, datorren astelehenerako, martxoaren 31rako, arratsaldeko 17:00etan aipatu Munalurrako udal ekipamenduan bertan. Gertatutakoari buruzko xehetasun gehiago jasotzea da hitzorduaren helburua. "Gertatutakoak argitu eta neurriak hartzeko asmoa du Udalak, baina bertako erabiltzaileekin hitz egin nahi du aurrez", jakinarazi dute. Udalak ohartarazi duenez, ez du baztertzen gunea ixtea. "Inork berriz ere kalteak eragingo balitu, udalak ez du baztertzen lokala ixteko aukera", berri eman du.
Iraunkorki zabalik
Gogoan izan, urriaren 15az geroztik, iraunkorki zabalik dago ikasgela hori. Ordura arte azterketa garaietan baino ez zen egoten zabalik. Ordutik aurrera, etenik gabe urte osoan zehar irekita dago Usurbilgo Udalak DYAk Munalurran duen ekipamenduko hamasei lagunentzako ikasgela; astelehenetik igandera, 8:00-22:00 artean.
Finkoa da ordutegia, gunea ordea behin-behinekoa. Erabaki hau herritarrek Udalari eginiko eskaeren harira hartu zuten, lokala utzia zion DYArekin adostu ostean. “Dena den, DYAk bere erabilerarako gela propio bat izaten jarraituko du bertan, eta gainerako espazioa ikasgelak hartuko du”, ohartarazi zuten Udaletik.
Gogoan izan, Sutegin badela ikasteko espazioa baina desegokitzat jo izan dute hainbat erabiltzaileek. “Arazo hori bideratzeko proiektua idatzia du udalak, eta bitan argitaratu du lizitazioa: bi aldietan, ordea, hutsik gelditu da. Hala, ikasgela egoki baten beharrak bultzatuta, orain arte DYAk erabiltzen duen lokala urtean bitan behin-behineko ikasgela gisa eskaini izan da, eta, aurrerantzean, modu iraunkorrean erabili ahal izango da”.