Errigoraren eskaerak maiatzean helduko dira

Noaua Aldizkaria 2025ko mar. 27a, 09:45

"Beste modura, denona da onura" aldarripean, Errigoraren udaberriko kanpainaren baitan produktuak eskatu dituzuenok, maiatzean jasoko dituzue.

Akabo, bart amaitu da Errigoraren urte garai honetako “Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura” kanpaina. Martxoaren 10ean ireki zuten Nafarroa erdialdean eta hegoaldean ekoitzitako “oliba-olio birjina estra, kontserbak, arroza, pasta, lekaleak eta ardo loteak euskaraz etiketatuta eta ekoizlearen jatorrizko prezioan” eskuratzeko epealdia asteazken honetan, martxoaren 26an itxi dute.

Tarte honetan eskaerak egin dituzuenok adi; maiatzean helduko dira eskatutako produktuak. Iaz bezala, NOAUA! Kultur Elkartearen eskutik jasoko dituzue, ez Bordaberri 3ko egoitzan, Udarregi ikastolaren eraikin gorriko erdiko aretoan baizik. Aldaketarik ez bada, bi banaketa egun finkatuak ditugu horretarako; maiatzaren 6a eta 7a, asteartea eta asteazkena hurrenez hurren, 16:30-18:30 artean. Halere, egunok gerturatu ahala berriz gogoraraziko dugu hitzordua.


"Beste modura" kontsumitzearen onurak
Euskal Herriko 200 bat herrietara hedaturiko udaberri parteko "Eskutik Eskura" kanpaina, Errigorak "Nafarroa hegoalde eta erdialdeko baratzeko produktuak Euskal Herriko plazara" ekarri ditu beste behin.

Kanpainaren aldarriari keinu eginez, ekimen horren bidez, "beste modura" kontsumitzeak dakartzan onurez ohartarazi du Errigorak. "Elikadura burujabetza da Euskal Herrian kontsumitzen ditugun elikagaiak hemen ekoiztuak izateaz gain, elikagaien ziklo guztiaren gaineko (ekoizpena, banaketa eta kontsumoa) erabakimena ere herriaren eskuetan egotea. Horretarako, ekoizle nahiz kontsumitzaileen parte- eta kontzientzia-hartzea ezinbestekoak dira. Bide hori sustatuz, denon komunitate osoaren (ekoizle zein kontsumitzaileen) zaintza helburu nagusi bilakatzen da. Horrela, eskematik kanpo uzten ditugu bata zein bestearen miseria elikatzen duten enpresa erraldoien interesak. Bestelako kontsumo bat bultzatzeak, onurak dakarzkigu denontzat".

Elikadura burujabetzak ahalbidetzen du denontzat "elikatzen gaituenari buruz informatuta egotea, gardentasuna, eskuhartzeko gaitasuna, erabakimena, ahaluntzea, harremanak, osasuna, komunitatea, kultura, hizkuntza...".


Errigoraren udaberriko kanpaina
Eskaintza:
ardo bereziak eta gorenak, dilistak, arroza, zainzuriak, orburuak, barazkiak, babarrunak, zainzuriak, piperrak, kardua, tomatea, potxak, menestra, arbendolak, pasta, oliba-olioa.
Eskaerak egiteko modua: errigora.eus atarian edo NOAUA! Kultur Elkartearen egoitzan.
Eskaerak egiteko epealdia: martxoak 10-26.
Produktuen banaketa: maiatzak 6-7.
Informazio gehiago: errigora.eus