Eguzki-eklipse partziala eta ordu aldaketa asteburuan

Noaua Aldizkaria 2025ko mar. 28a, 08:04

Bi "gertaerak" 24 orduko tartean biziko ditugu asteburu honetan bertan.

Eguzki-eklipse partziala
2025eko lehen eguzki-eklipse partziala ikusteko aukera izango da larunbat goizean, martxoaren 29an, lainoek eragozten ez badute behintzat. "Oraingoan eguzkia, ilargia eta lurra erabat lerrokatuta geratuko dira, eta horrela eguzki eklipse bat sortuko da", Aranzadi zientzia elkartetik azaldu dutenez. Partziala izango da, "eguzkian ikusiko duguna "hozkada "moduko bat da astro honen goikaldean". Izan ere, eguzkiaren %22a ezkutatuko da eklipse honen bidez.

Eklipsea larunbat goizeko 10:55ean hasiko da eta eguerdiko 12:40 pasatxoan amaituko da. Lainoek eragozten ez badute, argien ikusiko den unea 11:47an izango da. Betaurreko bereziak jantzi edota proiekzio bidez ikustea aholkatzen dute adituek.

Usurbildik gertuen, Aranzadi zientzia elkarteak Donostiako Zorroagagainetik eklipsea ikusteko hitzordua antolatu du.

Ordu aldaketa

Gehienak automatikoki aldatuko zaizkigun arren, orratzen batzuk eskuz mugiarazi beharko dira. Horrez gain, aldaketa nabariko da. Urtean bitan gertatu ohi den moduan, ordu aldaketa datorkigu martxoko azken asteburuarekin batera. Ordubete "gutxiago" izango du martxoaren 29tik 30erako gauak; igande goizaldeko 2:00etan 3:00ak izango dira. Une horretan, udaberrian sartu ginela astebete baino igaro ez den arren, "udako" ordutegia jarriko da indarrean eta hala segiko du urriko azken igande goizaldera arte.

Urtean bitan izaten den ordu aldaketa hauetan lehenengoa den honek energia kontsumoa murriztea du xede sustatzaileen esanetan, auzitan jarri izan den arren.

2018an Europako Batzordea ordu aldaketa hauek ezabatu eta herrialde bakoitzak ordutegi zehatz bat finkatzea proposatu zuen. Proposamen hau babestu zuen urtebete geroago Europako Parlamentuak. 2021ean aplikatu asmo zuten erabaki hura. Baina tokian tokiko gobernuek ez dute gaurkoz gai horri buruzko erabakirik hartu. Espainiar estatuak bitan ordua aldatzeko erabakia mantenduko du gutxienez 2026ra arte.