Sareren mobilizazioa gaur

Noaua Aldizkaria 2025ko mar. 28a, 07:06

Hilero moduan, Sarek deitutako elkarretaratzea egingo da gaur Mikel Laboa plazan.

Martxoko azken ostiralarekin batera, euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen alde mobilizatzeko eguna heldu da hilero moduan. Sarek deituta, elkarretaratzea egingo da gaur iluntzeko 20:00etan Mikel Laboa plazan.

Bere hamargarren batzarra egin berritan deitu du Sarek ostiral honetako mobilizazioa. Hernanin bildu ziren sare herritar honetako kideak iragan martxoaren 22an. "Iraganaren eta etorkizun hurbilaren arteko azken inflexio-puntu" gisa definitu du Sarek hitzordu hori. "X. batzarrera iritsi gara etxeko lanen zati handi bat eginda, baina pentsatu beharko dugu nola heldu espetxeen auziko azken fasea izan behar duenari, eta, horrekin batera, gure herrian jasandako indarkerien biktima guztientzako tratamendu duina eta begirunezkoa ekarriko duen akordio bat lortzeko beharra dago".

Saretik aditzera eman dutenez, "ez genuen inola ere pentsatuko sortu ginenetik hamar urte iragan ondoren jarraitu beharko genuela euskal presoei ezartzen zaizkien salbuespeneko neurrien bukaera eskatzen eta euskal presoei eta haien familiei hainbesteko min eragin dieten eskubide urraketak salatzen".

"Sarea egitea lortu dugu"
Azkeneko hiru urteotan, presoen egoeran aurrerapen nabarmena eman dela dio Sarek. "Bukatzen joan da hori dena, ahaleginei esker eta konplizitateak sortuz. Bidean, SAREA egitea lortu dugu, hitz larriekin, eta lortu dugu, halaber, euskal presoen eskubideen aldeko borroka mota askotako jendearekin partekatzea, borroka hori giza eskubideen aldeko borroka osoaren parte baita".

Urrats gehiago ematea eskatu diote egun gai honetan erantzukizuna duen Espetxeen arloko Euskal Administrazioari. "Haien esku dago hirugarren graduaren, espetxe baimenen edo irteera programatuen aplikazioan aurrera egitea. Eskatzen diegu desberdintasunak alde batera utz ditzatela, preso sozial deitutakoekin eta aspaldian desagertu zen erakunde bateko kide diren beste preso hauekin duten jarreran".

Egoera hau gehiago luzatu gabe, araudia bera betetzeko deia egin dute. Izan ere, "euskal presoek araubide hori aplikatzeko behar diren baldintzak betetzen dituzte". Horregatik, "puzzlea osatu arte" izeneko dinamika bideratuko duela iragarri du Sarek maiatzaren 17an eta 18an, "oraindik salbuespen egoeran dauden presoak dituzten herrietan".