"Usurbil, herri zaintzailea"

Zaintza eredua eraldatzeko eginiko urteotako lanketa aurkeztuko da larunbatean

Noaua Aldizkaria 2025ko mar. 28a, 09:50

Usurbil herri zaintzailea izateko bidean, urteotan eginiko lanketa aurkeztuko dute larunbatean Sutegin antolaturiko ekitaldian.

Heldu da, duela hilabete iragarritako eguna. Urteotan zaintza ereduaren bueltan eginiko lanketaren emaitzak aurkeztuko dituzte larunbat honetan, martxoaren 29an, 11:00-13:30 artean Sutegin. Horrez gain, arreta eredu berriarei buruzko azalpenak eskainiko dira "Usurbil, herri zaintzailea" izeneko ekitaldi berean.

Hitzordu mugarritzat jo dute lanketa horretan parte hartu duten eragileek larunbateko Sutegikoa. "Usurbilgo Udalak hainbat urte eman ditu, hainbat eragile eta norbanakorekin elkarlanean, zaintza eredua eraldatzeko lanketan. Partaidetza prozesu bat egin zuen 2021-2022 artean, eta 2023-2024 urteetan eredu berriaren inplementazioari ekin zion, eredu berrira iristeko eman beharreko pausoak eta lanak finkatu zituen bide-orri bat zehazten. Orain, eskaintzen duen arreta eredua eraldatzeko unea iritsi da".

Lau zati
Hitzordua lau zatitan banatuko dute. Hasteko, ekitaldiaren izenburu bera daraman dokumentala proiektatuko da lehenbiziko aldiz; Usurbilgo zaintza ereduaren eraldaketa islatuko du ikus-entzunezko lan horrek. Prozesu horretan parte hartu dutenek hartuko dute hitza.

Gero, Udalak eskainitako arreta ereduaren eraldaketa aurkeztuko dute. "Hau da, zerbitzuak edo baliabideak eskaintzetik pertsona bakoitzari egokitutako eta modu parte hartzailean osatutako bizi-planak zer diren azalduko da; zaintza behar duen pertsonari erabakimena eman eta bere bizi-proiektuari, ahal den heinean, jarraikortasuna emateko tresna izan dadin nahi du udalak".

Dagoeneko aurreratua dutenez, "begirada aldatzen, lan-tresna berriak eraikitzen eta zaintzen alorrean ditugun zerbitzuen artikulazioa, koordinazioa eta lanen sistematizazioa bermatuko duen antolaketa eta egitura berri bat eratu dugu. Dagoeneko lantalde ezberdinak ditugu martxan, eta modu ekosistemikoan eta koordinatuan lan egiteko mekanismoak ari gara eratzen”.

Hirugarrenik, Usurbilgo zaintza ekosistemaren egitura berria aurkeztuko dute, baita haren osagaiak ere.

Laugarrenik, "herri zaintzaile bat zer den irudikatuko dute, Usurbilen helburu horrekin bat eginda lanean ari diren proiektuak aurkeztuz".

"Usurbil herri zaintzailea" ekitaldia
Eguna: martxoak 29, larunbata.
Ordua: 11:00-13:30.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Ekitaldiaren edukia:
1-"Usurbil, herri zaintzailea" dokumentalaren aurkezpena.
2-Arreta ereduaren eraldaketa: bizi planen aurkezpena.
3-Usurbilgo zaintza ekosistemaren egituraren aurkezpena.
4-Komunitatearen ekarpena, martxan dauden proiektuen aurkezpena: Txirikorda, HurBilduz auzo-zaintza proiektua, HarEman, merkataritza zaintzailea, gazteak eta buru osasunaren lanketa.
5-Amaieran, mokadutxo bat izango da.
Gonbidapenak: usurbilkultura.eus plataforman eskuratu ahalko dira.
Antolatzaileak: Herri Zaintzailea Usurbil, Usurbilgo Udala.