Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren sinadura bilketa

Noaua Aldizkaria 2025ko mar. 28a, 08:27

Herri Ekimen Legegile (HEL) sustatzeko ia 100.000 sinadura batu ditu dagoeneko Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bi hilabete hauetan. Halere, atxikimenduak biltzeko ekimenak segida izango du larunbatean Sutegi atarian.

Herri Ekimen Legegile (HEL) bat ari dira sustatzen Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua, "Pentsioak Osatzeko Euskal Sistema bat ezartzeko" eta horren baitan, "14 ordainsaritan 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, lege bihur dadin". Ekimen hau babesteko sinadurak biltzen ari dira herriz herri, tartean, Usurbilen.

Ia 100.000 herritarrek bat egin badute ere kanpaina honekin, asteotan atxikimenduak biltzen segiko du aipatu herri mugimenduak; besteak beste, Usurbilen. Izan ere, larunbatean, martxoaren 29an, sinadurak biltzeko mahaia kokatuko du Sutegi atarian pentsiodunen bilguneko herri ordezkaritzak, 11:30-13:30 artean.

Ekimenak
Urtarrilaren 13an ekin zion Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak sinadura bilketa kanpainari. Ordutik, zenbait ekimen ere bideratu dituzte; otsailaren 4an Bilboko Kafe Antzokian, askotariko herri mugimenduetako 289 ordezkariren babesa jaso zuten. Otsailaren 24an, bestalde, pentsiodunen mugimenduko emakumeek  ehun eragile feministekin topaketa egin zuten. Martxoaren 8an, mobilizazioetan ere parte hartu zuten Herri Ekimen Legegilearen aldeko aldarria plazaratzeko.

Eusko Jaurlaritzak egingo duen txostenera eta gai honi lotutako Gasteizko Legebiltzarren egingo den osoko bilkurara begira da Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua.

Bestalde, manifestazioak deitu dituzte Hego Euskal Herriko hiriburuetan apirilaren 5ean. Donostiakoa 17:30etan abiatuko da Bulebarretik. "Soldata eta pentsio duinak, bai horixe! Hemen! eta guztiontzat. Gutxieneko pentsioa eta gutxieneko soldata, bidezkoak eta nahikoak. Gutxieneko soldataren adinako gutxieneko pentsioa" aldarrikatzera deitu dituzte herritarrak. Aipatu pentsiodunen mugimendutik nabarmendu dutenez, "pertsona guztiak gara ezinbestekoak; guztion esku dago aberastasunaren banaketa ekitatiboan oinarritutako gizartea eraikitzea eta guztiok dugu parte hartzeko espazio irekia".

Gogorarazi dutenez, "onartezina da finantza- eta energia-enpresa handiek mozkin-errekorrak gainditzen dituzten bitartean, gero eta langile eta pentsiodun gehiagok gizarte-bazterkeriara eta pobreziara eramaten dituzten soldata- eta pentsio-sarrerak izatea, eta gero eta gazte gehiagok ikusten dituzte zapuztuta bizi-proiektu autonomo bat egiteko dituzten aukerak".

Horregatik, diotenez, "baztertu egiten ditugu adinaren, aukera sexualaren edo jatorriaren arabera banatu nahi gaituztenen narratiba faltsuak. Guretzat soldatak eta pentsioak txanpon beraren aurpegiak dira eta banaezinak. Lanean ari garen langileok eta pentsiodunok interes eta aldarrikapen berberak ditugu".



Herri Ekimen Legegilea (HEL) babesteko adierazpena, pentsioak osatzeko euskal sistema bat ezartzeko
Eusko Legebiltzarreko Mahaiak izapidetzeko onartu du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Pentsioak Osatzeko Euskal Sistema bat ezartzeko aurkeztutako HEL, eta atea ireki da EHPMaren aldarrikapen historikoa, 14 ordainsaritan 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, lege bihur dadin.

Behean sinatzen dugunok zera adierazten dugu:
Erabateko bidegabekeria iruditzen zaigu milaka pentsiodunek, lan-bizitza oso baten amaieran, gutxieneko diru-sarrera nahikorik ez izatea beren mugikortasun- eta tenperatura-premietara egokitutako etxebizitza eroso bat eskuratzeko, eta oinarrizko gizarte-eskubideak bermatuta ez izatea, hala nola, osasunerako eskubidea, elikadura osasuntsua izateko eskubidea eta mendekotasunaren arretarako zerbitzu egokiak izateko eskubidea.

Urteetan zehar, milaka milioi desbideratu dira helburu desberdinetarako kotizazioetatik pentsio nahikoak bermatzeko erabili beharrean, eta gezurra esan da Pentsio Sistema Publikoaren iraunkortasunari buruz. Horrela, justifikatzen saiatu dira pentsioak eskuratzeko luzamenduak eta zenbatekoa, mugatu eta murriztu duten legeen ezarpena. Horren ondorioz, gero eta gutxiago dira bizitza-baldintza duinak lortzeko aukerak.

Neurri horiek guztiek diru sarrera gutxien duten pertsonei eragin diete bereziki, gehienak emakumeak.

Emakumeek lantokietan jasaten duten diskriminazioak eta prekarietateak, langabezia-tasa handiagoak, lanaldi partzialeko kontratuen proportzio handiagoak eta aitortu eta ordaindu ez diren zaintza-lanetan duten kokapenak pentsiorik baxuenak eskuratzea eragin dute; gutxieneko osagarriak behar dituzten kotizaziopeko pentsioak, 500 € pasatxoko kotizazio gabeko pentsioak (%70ean jasotzen dituzte emakumeek) edo argi eta garbi nahikotasun mailara heltzen ez diren alarguntza-pentsioak.

Bidegabekeria hori konpontzea premiazkoa bezain ezinbestekoa da, eta gutxieneko pentsio duina bermatzea da biderik zuzenena eta eraginkorrena.

Horregatik guztiagatik, lege-ekimen hau babesten dugu, zahartzaroan duintasunez bizitzeko diru-sarrera egokiagoak bermatzen baititu, gutxieneko pentsioa Lanbide Arteko Gutxieneko Soldatarekin parekatuz, hirurogei urtetik gorako pentsiodun bakoitzari beharrezko osagarria esleituz bere bizikidetza harreman direnak direla, eta eskumena duen administrazioak ofizioz aplikatuz, horretarako behar den informazio guztia baitu.

EAEko Gobernuak eta Legebiltzarrak erantzukizun hori bere gain hartzea babesten dugu. Egin dezake horretarako nahikoa baliabide ekonomiko eta eskumen dituelako.

Gizarte zibilari dei egiten diogu justua, premiazkoa eta beharrezkoa den HEL hau sina eta babes dezan.