Mozioak udal haur eskola partzuergoan sartzea babesten du, hartara, "zerbitzu publikoa, kalitatezkoa eta doakoa" izango litzatekeelako. Horrez gain, Udalaren urteroko inbertsioa murriztea ekarriko luke. Azkenik, egungo langileen egoera eta baldintzak errespeta ditzake, testu horren arabera. "Borondatea balego, badago egun Haur Eskola zerbitzua ematen ari diren langileak ia bere osotasunean, eta hauek hala nahi balute, Haurreskolen Partzuergoan integratzeko aukera".
Horretarako, Hezkuntza Sailarekin eta aipatu Partzuergoarekin batera, beharrezko tramiteak abiaraztea galdegin zitzaion udal gobernu taldeari. Mozioa babestu arren, Partzuergoan sartzearen, doako hezkuntza publikoaren eta egungo langileak Haur Eskolan segitzearen alde daudelako, "ez da baiezko oso bat" erantzun zuten udal gobernu taldetik, "orain arteko bidea oso gorabeheratsua izan delako hezkuntzaren kooperazio faltagatik eta oraindik geratzen den bidean zalantza ugari ditugulako erantzun behar dizkigutenak".
Gogorarazi zutenez, "udal taldeak Haurreskolen Partzuergorako bidea behin baino gehiagotan" landu du. Aurreko lizitazioa amaitu aurretik, 2023an, aukera hau mahai gainean jarritakoan, oroitarazi zutenez, "Hezkuntza Sailak hezitzaileen subrogaziorik ez zela izango helarazi zigun eta, beraz, bide hau alde batera uztea erabaki genuen". Ordutik, bi urteotan egindako lanketa eta hartutako erabakiak "Usurbilgo hezkuntza komunitatearekin batera" egin dira.
Aldiz, "azken urtean, hezkuntzak kolpetik eman duen jarrera aldaketa medio ez da beste aukerarik geratu Usurbilgo Haur Eskola Partzuergora bideratzea baino. Hau da, aldebakartasunez hartu den erabakia izan da bertako komunitatearekin landu gabe. Zortez, duela bi urte ez bezala, hezitzaileen subrogazioa egongo dela esan du Hezkuntza Sailak, bestela ez baitzuen aldaketak ez hanka eta ez buru izango".
Haur eskolaren inguruko mozioa
2022ko apirilaren 7an Eusko Legebiltzarrak Hezkuntza Akordioa sinatu zuen. Akordio hori une horretako Legebiltzarraren %93ak babestu zuen. Bertan, haurreskola zerbitzuari dagokionean, argi jasotzen da Haurreskolen Partzuergoa dela akordioaren sinatzaileen apustua, akordioan bertan unibertsala eta doakoa izan behar duela ezarriz. Horren inguruan mintzo da 33. konpromezu edo helburua: “33. Haurreskolen partzuergoa indartzea, eskaintza unibertsaleko, kalitateko eta doako zerbitzu publiko bihurtuz”.
2022/2023 ikasturtetik aurrera Haurreskolen Partzuergoak eskainitako zerbitzua erabiltzaileentzat guztiz doakoa da. Gainera, unibertsalizazio bide horretan izan duen eskaeraren igoera nabaria dela eta, Haurreskolen Partzuergoa zabalkunde fasean dago eta plaza berriak sortzen ari da.
Egun, Haurreskolen Partzuergoak ematen duen zerbitzua EAEko herri gehienetan modu orokortuan zabalduta badago ere, badira 11 Udal Haurreskola, non zerbitzu hori Udalek eskaintzen duten. Horien artean Usurbilgo Udala dago.
Testuinguru honetan, Usurbilgo Udala eta eskaintzen duen haurreskola zerbitzua, Haurreskolen Partzuergoan integratzeko aukera bat zabaltzen da.
Usurbilgo Udal haurreskola zerbitzua, Haurreskolen Partzuergoan integratzea, herriarentzat mesedegarria den erabaki bat da:
Batetik, eta garrantzitsuena, zerbitzua herritarrentzat doakoa izatea dakarrelako. Zerbitzu publikoa, kalitatezkoa eta doakoa. Herritarren mesedetan.
Bestetik, Udalaren aurrekontu ikuspuntutik ere mesedegarria litzateke. Udal Haurreskola zerbitzuak, egun esfortzu ekonomiko nabari bat suposatzen dio Udalari. Haurreskolen Partzuergoan integratzeak Udalaren betebeharrak nabarmen arintzea dakar. Udalak asumitu beharko lituzkeen betebeharrak, nagusiki, udal eraikinaren mantenuari dagozkionak lirateke eta eraikinean egiten diren kontsumo eta hornidurei dagozkienak. Honek suposatzen du, urtero diru kopuru nabarmenak liberatu ahalko direla beste udal zerbitzuak indartu ala inbertsioak egitera bideratzeko.
Gainera, proposatzen den integrazio hau egun zerbitzua ematen ari diren langileen egoerarekin eta baldintzekin errespetagarria ere izan daiteke. Borondatea balego, badago egun, Haurreskola zerbitzua ematen ari diren langileak ia bere osotasunean, eta hauek hala nahi balute, Haurreskolen Partzuergoan integratzeko aukera.
Hori guztiagatik, ADOSTEN DA:
Usurbilgo Udalbatzaren borondatea da egun Udalak eskaintzen duen haurreskola zerbitzua, Haurreskolen Partzuergoan integratzea.
Horretarako, Udal Gobernuari eskatzen zaio integrazio hori gauzatzeko dagozkion tramite guztiak martxan jarri ditzala, horretarako, Hezkuntza Sailarekin eta Haurreskolen Partzuergoarekin elkarlanean, dagozkion prozesuak gauzatuz.