Kultur agenda

Apirileko hitzordu gehienak lehen hamabostaldian, bigarrenean opor giroa nagusi

Noaua Aldizkaria 2025ko api. 1a, 12:53

Urteko laugarren hilabetean sartu gara, udaberri betean dagoeneko. Opor giroa ate joka dugula nabaria da, datozen asteetarako iragarria dagoen ekitaldi eskaintzari erreparatzen badiogu. Usurbilgo Udalak egunotan etxez etxe banaturiko apirileko kultur agenda da horren erakusle adierazgarriena.

Izan ere, herri bizitzaren ikuspegitik hilabetea bi hamabostalditan banatua datorkigula ikus dezakegu.

Asteotarako ekintza gehienak apirilaren 13ra arteko tarterako antolatu dira, hortik aurrera, opor giroa nagusituko baita hilabete amaierara arte. Lehenago, aipatu moduan, hitzordurik ez zaigu faltako. Hasteko, asteazken honetan, apirilaren 2an, pantailen erabilerak eragindako kezkari lotuta Hitz Aho Udarregi ikastolako guraso elkartearen formazio saioa izango da Potxoenean eta Sutegi udal liburutegian, Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatuko dute Ixabel Agirresaroberekin.

Asteburura begira, iragartzen ari garen moduan, 13. Dantza Eguna ospatuko da Usurbilen egun osoz, kalejira, erromeria, herri bazkari edota "Amets" herri ikuskizunaren estreinaldiaren bueltan. Biharamunean, "Aztia" pieza eszenikoa programatu dute Sutegin. "Aztiak zoriontasunaren inguruko mintegi bat antolatu du. Bertan autolaguntzaz mintzatuko zaio publikoari, zirikatzaile". Ainhoa Alberdi eta Oier Guillan aktoreekin batera, Karlos Arancegui, Fernando Neira eta imanol Ubeda musikariak arituko dira taula gainean.

Euskaraldia, Ibai-Ondo Backyard...
Hurrengo astera begira, Nafartarrak taldeak ekitaldi zikloa antolatu du; hasteko, bi liburu aurkezpen; Eneko Bidegainen "Kepa Anabitarte. Bizitza bat herriari eskainia" eta Jose Mari Esparzaren "Zumalacárregui y la República de los Pirineos" lanenak, apirilaren 8an eta 10ean hurrenez hurren. Hilaren 12an, bestalde, "Lurretik lurrera" kantaldia eskainiko dute Claudine Arhancet, Mixel Etxekopar eta Darlene Gijuminag hirukoteak. Euskal Herria eta Quebec batuko ditu Sutegiko oholtzak emanaldi horretan.

Egun berean, lehenago beste bi ekintza programatu dira; batetik, Euskaraldiak maiatzaren 15etik 25era egingo den laugarren ediziorako osaturiko hamaikakoa aurkeztuko du. Horrekin batera, karpagune bat egokituko dute izena eman, informazioa jaso nahiz Euskaraldiko produktuak (tartean, ahobizi edo belarriprest txapa) eskuratzeko.

Larunbat horretako herri dinamika, ordea, goizean goiz hasiko da Santuenean. Izan ere, estreinakoz "Ibai-Ondo Backyard" erronka ospatuko da, goizeko 8:00etan hasita. Partaideek orduero Atallu, auzoa eta Txokoalde lotuko dituen 6,7 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute, nork bere erritmoan. Azkena nekatu edota ibilbidea osatu ezinik geratu arte luzatuko da amaiera zehatzik izango ez duen ekimena.

Ikastaroak eta aisialdiko ekintzak
Ekimen hauez gain, hainbat ikastaro ere iragarri ditu KzGuneak hilero moduan. Alkartasuna kooperatibak "bioaniztasun dekalogoa: intsektuen hotelak egiteko tailerra" izenekoa antolatu du, urtean bitan egin ohi duen moduan, sagastietan barrena bertso-ibilaldia iragartzearekin batera. Maialen Lujanbio eta Andoni Egañarekin, sagardoa eta errioaren kultura uztartuko dituen txangoa antolatu du kooperatibak apirilaren 26rako.

Oporraldi betean izango gara orduan; baina gaztetxoenentzako zenbait aisialdi ekimen ere iragarri dituzte; batetik, Kirol Astea Pagazpek eta Usurbil F.T.-k apirilaren 14tik 17ra. Hitz Aho Udarregi ikastolako guraso elkarteak, bestalde, “Xut, udaberriari keinu” izenekoa sorkuntzara bideraturikoa, 7-12 urte artekoentzat, hilaren 22tik 25era.

Aisialdi ekintzez ari garela, udakoetan izena emateko garaia irekitzear da. Izan ere, apirilaren 3tik 16ra matrikulatu ahalko dira 4-12 urte artekoak Udalak eta NOAUA! K.E.-k antolaturiko Udajolasen eta haur, gazte nahiz helduak Udalak berak udaleku horien antzera, uztailerako antolaturiko ikastaroetan.

Urrunago joanda, 2025-26 ikasturterako matrikulazio garaia dute baita haur eskolan edota Oriarte institutuan hilaren 11ra arte.

Egunez eguneko eskaintzaren berri web orrialde honetako "Agenda" atalean jaso dezakezue baita usurbilkultura.eus plataforman. Gainera, ohi bezala, bertan eskura ditzakezue ekitaldietarako sarrerak ere.