Haizeagatik abisu horian gaurtik

Noaua Aldizkaria 2025ko api. 2a, 08:06

Haizeagatik abisu horian izango gara asteazken honetan, apirilaren 2an, 18:00etan hasi eta ostegun goizeko 9:00ak arte.

Udaberri giro beteko egunetan gara. Haizegatik abisu horian izango garela asteazken honetan, apirilaren 2an, ari da ohartarazten Euskalmet meteorologia agentzia. Zehazkiago esanda, gaur arratsaldeko 18:00etan hasi eta ostegun goizeko 9:00ak arte haizeguneetan eta 8:00ak arte haizeguneak ez diren tokietan izango da aipatu abisua indarrean. Tarte horretan, "hego-ekialdeko haize-boladek 100 kilometro orduko abiadura gaindi dezakete haizeguneetan, bereziki ekialdeko mendi inguruetan", Euskalmet-en arabera. Bestalde, 80 kilometro ordutik gorako haize-boladak izan ditzakegu haizguneak ez diren tokietan, "bereziki ekialdean".

Egunotarako iragarpena
Haizearekin batera, aldaketa eguna izango da gaurkoa. Izan ere, Euskalmet-ek iragarri duenez, atzoko egun eguzkitsuaren ostean, apirilaren bigarren egun honetan Usurbilen, "zerua hodeitsu egongo da eta arratsalde-gau partean zaparradaren bat bota dezake. Egunaren erdiko orduetan ipar-ekialdeko haizea ibiliko da, amaieran hego-ekialdekoa. Tenperatura maximoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira.".

Ostegunean, hilaren 3an, "zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da eta euria egin dezake noizbehinka. Hego/hego-ekialdeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura minimoak nahikoa igoko dira, maximoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira.".

Ostiralean, "zerua tarteka hodeitsu egongo da, erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak nagusi. Baliteke euri apur bat egitea. Hego-ekialdeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez, maximoak nahikoa igoko dira".

Informazio eguneratua, euskalmet.eus atarian jaso dezakezue.