Apirilak 8-12

Bi liburu aurkezpen eta "Lurretik Lurrera" kantaldia, Nafartarrak taldekoen eskutik

Noaua Aldizkaria 2025ko api. 3a, 10:18

Ekitaldi zikloa iragarri du Nafartarrak taldeak hurrengo asterako, bi liburu aurkezpen eta kantaldi batekin. Lerrootan dituzue xehetasunak.

"Kepa Anabitarte: bizitza bat herriari eskainia" eta "Zumalacárregui y la República de los Pirineos" Eneko Bidegainen eta Joxe Mari Esparzaren liburuak aurkeztuko dituzte lehenik, hurrenez hurren. Segidan, zikloa amaitzeko "Lurretik Lurrera" kantaldia iragarri dute.

Nafartarrak-en zikloa
Apirilak 8, asteartea
19:00 "Kepa Anabitarte: bizitza bat herriari eskainia" Eneko Bidegainen liburuaren aurkezpena Sutegiko auditorioan.
Zehaztasunak: "Eneko Bidegainek Kepa Anabitarteren biografia idatzi du. Liburu berri horretan, Euskal Herriko azken 100 urteetako historia politikoa zeharkatzen du, haren bizitzaren kronikaren bitartez. Herriaren askatasunaren aldeko etengabeko borrokan ahantzirik gelditu diren hainbat pasarte, militante, mugimendu eta ideologia gogora ekarriko ditu liburu honen aurkezpenean".

Apirilak 10, osteguna
19:30
Joxe Mari Esparzaren "Zumalacárregui y la República de los Pirineos" liburu aurkezpena Sutegiko auditorioan.
Zehaztasunak: "Zumalacárregui y la República de los Pirineos", "XIX. mendeko foruez eta euskal independentismoari buruz esan den guztia hankaz gora jartzen duen liburua aurkeztuko du haren egile Jose Mari Esparza Zabalegik.

“Dokumentu berri batzu agertu dira, zeintzuetan adierazten den 1834an Tomas Zumalakarregik Euskal Herri penintsularreko lau probintzien Errepublika Federala aldarrikatu zuen. Hori da liburu honen haria. Mende horretan zehar saiakera independentistak errepikatu egin ziren, kontakizun espainiar ofizialak esaten digunaren kontra. Euskal unibertsitateek ere kontakizun espainiar berari eusten diote, gure historia eta memoria kontrolatuz eta bahituz, Guardia Zibilak gure hiritar askatasuna kontrolatzen eta bahitzen duen bezalaxe.

Etorkizun independentea ukatzen zaion herri orori ezkutatzen zaio askatasuna berreskuratzeko iraganeko ezein saiakera. Izan ez baginen, ez gara, ez eta izango ere. Kontakizunaren bataila deitzen diogu orain.

Foruak, nazio kontzientzia eta klase borroka behin eta berriro azaltzen dira hemeretzigarren mendeko altxamenduetan. Hori ezkutatzea gure menperatzaileen ardura historikoa da. Argitara ateratzea, gure betebehar morala”.


Apirilak 12, larunbata
19:00 "Lurretik lurrera" kantaldia Sutegiko auditorioan.
Parte hartzaileak: Claudine Arhancet eta Mixel Etxekopar (Euskal Herria) eta Darlene Gijuminag (Quebec-eko Mig'mawag autoktonoa).
Zehaztasunak: "2022an Mixel Etxekopar eta Claudine Arhancet zuberotarrak gomit izan dira Montrealeko CMM etxean (Centre des Musiciens du monde). Han artista egonaldiak eta sorkuntzak bultzatzen dituzte, mundu zabaleko musikari-kantarien artean. Sortu zuten LURRETIK LURRERA emanaldia. Montrealen izan zen estrena eta Quebecen bigarrena. 2025ean berriz bira bat eginen dute Québec herrialdean eta ondotik Europan izanen dugu Darlene Gihuminag Mig’mawag populuko artistaren hartzeko.

Euskal Herriko Etxepare Institutuak sustatu zuen proiektua, bere “Saison Québec Pays Basque” ekimenaren baitan sartuz, Québeceko herriarekin batean. Kultura topaketa zabalak izan ziren, literatura, zinema, dantza, musika eta hizkuntza ere barne.

Badakigu baina ez ohartzen autoktono horiek zer pairatu duten, eta oraindik ere pairatzen, beren izan eta izenaren duintasunez bizitzeko. Lotura oso naturala izan da euskal kulturarekin, bereziki gure kasuan Zuberoako kantu eta musikarekin. Lurrak duen garrantzia, lurrak duen ikara hori da jokoan topaketa hontan. Hortarik izen burua: Lurretik lurrera...".

Sarrera: 10 euroan aldez aurretik, Lizardi liburu-dendan edo egunean bertan Sutegin.

Antolatzailea: Nafartarrak taldea.