‘Usurbil, herri zaintzailea’ dokumentala, sarean

Erredakzioa 2025ko api. 3a, 11:48

Aurreko larunbatean 'Usurbil, herri zaintzailea' izeneko dokumentala estreinatu zuten Sutegin. Gaurtik sarean duzue ikusgai. "Azken urteetan zaintza eredu propioa eraikitzeko egindako lana eta eraldaketa erakusten ditu ikus-entzunezko honek", udal iturriek aditzera eman dutenez.

Zaintza eredu propioa eraikitzeko lanketan jardun duten edo oraindik ere ari diren herritarrak eta eragileak dira dokumentaleko protagonistak. Zaintza behar desberdinak dituzten hiru herritarren lekukotzak ere jasotzen dira: Egurtzeko zaintzadun etxebizitzen auzunean bizi den Andoni Aizpeolea, etxean arreta jasotzen duen Maria Galvez eta Txirikordako bizilagun Iñaki Rivero. Halaber, ekosistemaren parte diren profesionalen lekukotzak ere jasotzen dira, besteak beste, etxeko arretan lan egiten duten zaintzaile profesionalak, Eguneko Arretako arduraduna, zaintza behar duten pertsonen garraioaz arduratzen den langilea eta Usurbilgo Udaleko Gizarte Zerbitzuetako langileak.