Harro dabil haizea azken orduotan. Abisu horian izan gara eta gauerditik aurrera ere berriz indarrean jarriko dute kolore horri lotutako ohartarazpena. Ostegun gauerditik ostiral goizeko 10:00ak arte, haizeagatik abisu horian izango gara beraz. "Hego-ekialdeko haize-boladek 100 kilometro orduko abiadura gaindi dezakete haizeguneetan, bereziki ekialdeko mendi inguruetan", berri eman du Euskalmet meteorologia agentziak. Haizeguneak ez diren tokietan, aldiz, "80 kilometro orduko abiadura gaindi dezakete, bereziki ekialdean".
Giro honekin, gaur, apirilaren 3an, "zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da, zaparradaren bat egingo du agian. Arratsaldetik aurrera, ostarteak zabalduko dira. Hego/hego-ekialdeko haizea bizi ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura maximoetan aldaketa handirik ez".
Ostiralean, hilaren 4an, "zerua tarteka hodeitsu egongo da, erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak nagusi. Hego-ekialdeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez, maximoak nahikoa edo nabarmen igoko dira".
Etzi, hilaren 5ean, "hodeiak eta ostarteak" izango ditugu. "Goizean hegoaldeko haizea ibiliko da, arratsaldean iparraldera aldatuko da. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko da", Euskalmet-ek iragarri duenez.
Informazio eguneratua hain zuzen, euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.