14 urtera artekoek garraio zerbitzua doan uztailetik aurrera

Noaua Aldizkaria 2025ko api. 3a, 09:16

Uztailaren 1etik aurrera, 14 urtera arteko haur eta gaztetxoek doan baliatu ahalko dituzte Mugiren baitako garraio zerbitzu publikoak.

Euskadiko Garraio Agintaritzak ostegun honetan eginiko bilkuran erabaki du garraio zerbitzuetan indarrean zen doakotasuna indartzea. Izan ere, urtarrilaren 30ean indarrean jarri zuten 12 urtera artekoek autobus edota tren zerbitzuak doan baliatzeko neurria.

"Garraio publikoaren arloan eskumena duten erakunde nagusiak, Eudel eta tren, tranbia eta autobusen sektoreko operadore nagusiak" biltzen dituen aipatu koordinazio-organo horrek gaur erabaki duenez, doakotasun hori 14 urtera arte (adin hau ere barne) zabalduko dute. Hau da, 14 urtera arteko haur eta gaztetxoek doan baliatu ahalko dituzte garraio zerbitzu publikoak, datorren uztailaren 1etik aurrera. "Administrazio publiko nagusiak deskontu-egitura berri hori aplikatzearen alde agertu dira, gazteek garraio publikoa erabil dezaten erraztea helburu duen aldetik", berri eman dute.

Horrez gain, egun berean, hau da, uztailaren 1etik aurrera bigarren neurri bat ere indarrean jarri asmo dute; %50eko hobaria "gazteen bidaia anitzeko abonu eta txarteletarako (Mugi, Bat, Barik)".

Era berean, bidaia anitzeko abonu eta txartelak baliatzen dituzten herritar ororentzako ere %50eko deskontua iragarri dute; %20a Espainiako Gobernuak hartuko du bere gain, beste %20a tokiko administrazioek eta %10a Eusko Jaurlaritzaren Mugikortasun Sailak.

Inguruotako onuradunek deskontu hauen abantailez gozatzeko Mugi txartela alboan izan beharko dute. Bestela tramitatu egin beharko dute. Informazio gehiago mugi.eus atarian jaso ahalko duzue.