Errenta aitorpena

Errenta presentzialki aitortzeko txanda eskatzeko aukera gaurtik

Noaua Aldizkaria 2025ko api. 4a, 08:00

Errenta telematikoki onartzeko epealdia zabaldu ostean atzo, tramitazio hau presentzialki bideratzeko txanda eskatu ahalko da gaurtik.

2024ko errenta presentzialki aitortzeko txanda eska dezakezue ostiral honetatik, apirilaren 4tik datorren ekainaren 6ra arte. Hilaren 8tik aurrera egin ahalko da modu horretan aipatu tramitazioa.

Iazko errenta telematikoki onartzeko epealdia zabaldu zuten atzo eta autolikidazio proposamenak kontsultatu eta onartu daiteke baita dagoeneko.

Momentuz, autolikidazio proposamena kontsultatu ostean, "etxebizitzen alokairuaren errendimenduak, lokalen alokairuaren errendimenduak, etxebizitza turistikoen alokairuaren errendimenduak, ohiko etxebizitzaren alokairuagatik kenkaria, dohaintzengatiko kenkaria eta sindikatu-kuotengatiko kenkaria" kontzeptu horiek aldatu ahalko dira telefonoz, Internetez edota Aldundiak egunotan aurkeztutako Errenta+ aplikazio berriaren bidez. "Dagoeneko deskarga daiteke, mugikor zein tabletetan, eta helburua da zergadunei PFEZarekin lotutako izapideak erraztea, tartean 2024ko kanpainako autolikidazio-proposamena onartzea".

Horrez gain, postaz bidali dituzte egunotan. Gipuzkoako Foru Aldunditik berri eman dutenez, "aurten, Foru Ogasunak 285.595 proposamen prestatu ditu guztira. Iaz baino 9.695 gehiago (+%3,5), eta 326.116 zergaduni zuzenduta daude (aitorpenen %67,7)".

Administrazioarekin euskaraz aritzeko deia
Testuinguru honetan, urtero moduan, tramitazio hau euskaraz egiteko deia egin du Usurbilgo udalerria kide duen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA). Horren harira iragarri dutenez, "herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezen bultzatu nahian, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina" abiarazi dute UEMAk eta hainbat erakunde publikok, elkarlanean. Horren bidez, "euskararen aldeko hautua egitea da kanpaina honekin UEMAk eta udalek lortu nahi dutena". Izan ere, aipatu mankomunitatik aditzera eman dutenez, "errenta euskaraz egiten duen herritarren kopurua urtez urte gorantz ari den arren, errealitate soziolinguistikoak erakusten dituen datuetatik urrun dago oraindik, eta horretan eragin nahi dute aurten ere UEMAk eta udalek, herritarrei administrazioarekin ere euskaraz aritzeko deia eginez".

Egun, oraindik ere, mankomunitatearen esanetan, "udalerririk euskaldunenetan egiten dira aitorpen gehien euskaraz, zenbakiak eta ehunekoak oso aldakorrak diren arren lurralde batetik bestera".

Euskaraz nola harremandu
Horretarako, kanpaina hau ikusgarri egingo duten kartelak jarri ditu aldundia eta udalen esku. "Foru ogasun, eskualde edo udal elkarte bakoitzak bere errealitate soziolinguistikoaren arabera moldatzen du kanpaina eta mezua. Baita udal bakoitzak ere, dagozkion datuekin eta bilakaerarekin", UEMA-tik argitu dutenez.

Mankomunitateak kaleraturiko kartelotako batean ageri den moduan, errenta euskaraz nola aitortu zehazten da. Autolikidazio proposamenen kasuan, telefonoz nahiz Internetez onartzerakoan euskaraz egin nahi dela adierazi beharko da "eta aurrerantzean ogasunak agiriak euskaraz bidaliko dizkizu".

Errenta mekanizatuaren kasuan, hitzordua eskatzerakoan erakunde horrekin euskaraz harremandu nahi dela adierazi beharko da. Hala eginez gero, modu guztietan hizkuntza berean komunikatu ahal izango gara; aurrez aurre, telefonoz nahiz Internet bidez. "Ogasunak sinatzeko ematen dizun orria ere euskaraz jaso dezakezu", UEMA-tik argitu dutenez.

Errenta Internet bidez aitortu asmo duenak, errenta programaren euskarazko bertsioa jaitsi dezake saretik "eta hobetsitako hizkuntza atalean euskara hautatu". Bestela, "aholkularitzaren bat aukeratzen baduzu, berariaz adierazi beharko duzu aitorpena euskaraz egin nahi duzula. Beste modu batean egiten baduzu (finantza erakunde batean, esaterako), euskaraz egiteko eska dezakezu".

2024ko errenta aitortzeko datak
-Martxoaren 25etik aurrera: proposamenak webgunean ikusteko aukera izango da eta proposamenok postaz bidaltzen hasiko dira.
-Martxoaren 31tik aurrera: autolikidazio proposamenak onartu ahal izango dira.
-Apirilaren 3tik aurrera: Zergabidea plataformaren bidez errenta telematikoki aitortu ahalko da.
-Apirilaren 4tik ekainaren 6ra: errenta presentzialki aitortzeko txanda erreserbatu ahalko da.
-Apirilaren 8tik aurrera: errenta presentzialki aitortu ahalko da.

Kanpainaren amaiera eguna: ekainak 30.

Informazio gehiagorako:
gipuzkoa.eus
943 113 000