Hilabete pasatxo baino ez da geratzen euskara gehiago, gehiagotan eta gehiagorekin ahotan hartzea sustatuko duen ariketa kolektiborako. Maiatzaren 15etik 25era izango dugu laugarren Euskaraldia.
Gogoan izan, badira hainbat hilabete entitateen izen-ematea bideratzen hasteko epealdia zabaldu zutela, baina martxoaren 15az geroztik irekia dago baita, norbanakoen inskripziorako tartea; belarriprest eta ahobiziena hain zuzen.
Une honetara helduta, Euskaraldia Usurbilen dinamizatzen ari den herritarren batzordeak postua jarriko du larunbat honetako, apirilaren 5eko 13. Dantza Egunean. Eguerdiko 12:30ak inguru horretatik aurrera, Sutegi atarian aurkituko dituzue. Postu horretan, ekimenaren laugarren edizioari buruzko xehetasun gehiago jaso ahalko dituzue. Txapak ere eskuratu ahalko dituzue, norberaren rola ikusgarri egiten lagunduko dutenak. Eta noski, izena ere eman ahalko da.
Izena ematearen garrantzia
Urrats hau ematearen garrantzia ari dira azpimarratzen azkenaldian. Izan ere, "horrek ahalbidetuko du gero Euskaraldiaren inguruko ikerketa egin ahal izatea, parte hartzaileen jarraipena egitea, txapak banatzea, eta batez ere, prestakuntza tresna eta aholkuak helarazi ahal izatea".
Herritarrek "oso-oso modu errazean" eman dezakete izena; izenematea.euskaraldia.eus atarian sartuta hain zuzen. Bertan dagoen formularioa osatu beharko da. Bestela, aipatu moduan, larunbat honetako postuan ere bideratu ahalko da izen-ematea.
Izena eman eta txapa eskuratzeak ere berebiziko garrantzia izango du ariketak iraungo duen hamaika egunetan, "aurrean den ezezagunak euskaraz badakien erakutsiko baitu txapak. Norberarentzat baino besteentzat keinu bat da txapa, beraz".
Hala, sarritan aipatu ohi den "estres linguistikoa" txapak ezabatuko duela nabarmendu dute. "Izan ere, estres linguistikoa da pertsona elebidun batek, ezezagunen aurrean, hizkuntza gutxiagotua hobesteak ekartzen dion tentsioa. Txapa ikusita bai baitakigu aurrean dugunak euskaraz ulertzen duela, behinik behin. Hala, txapak mezu argia ematen dio aurrean duenari; “nirekin egizu euskaraz!”.
Hamaikakoa
Ariketa kolektiboaren enbaxadore lanak egin eta herritarren parte hartzea sustatzeko Euskal Herri mailako Euskaraldiko Hamaikakoa aurkeztu zuten iragan azaroan, erreferentzialak izango diren aurpegi ezagunekin.
Usurbilek ere berea osatua du eta astebete barru aurkeztuko du jendaurrean; apirilaren 12an eguerdiko 13:00ean Mikel Laboa plazan deitu duten ekitaldian. "Genero, adin, herri/auzo, esparru eta bizipen linguistiko anitzeko herritar taldea osatu dugu", aurreratu dute herritarren batzordetik. Horrekin batera, karpagune bat jarriko dute beste herrietan egiten ari diren moduan, izena eman, informazioa jaso nahiz Euskaraldiari lotutako baliabideak eskuratzeko.