Gozoak, ikus-entzunezkoak eta galdetegia, herri zaintzaileagoa izateko bidean

Noaua Aldizkaria 2025ko api. 4a, 09:13

Usurbil herri zaintzaileagoa bilakatzeko merkatariak egiten ari diren ahaleginaren baitan, gozogintza kanpaina abiarazi zuten azaroan herriko saltokiek. Gaur izaten ari da segida. Zaintzaz ari garela, gogoan izan, bestalde, bakardade ez hautatuari buruzko galdetegi bat betetzeko deialdia egina dagoela. Horrez gain, iragan larunbatean Sutegin eginiko ekitaldiaren bideo grabazioa sarean, guztion eskura jarri du Usurbilgo Udalak. Lerrootan dituzue xehetasunak.

 
 

"Herri zaintzaileak gozoak eskaintzen dizkizu: topatu eta gozatu! ". Hortxe azaroaz geroztik, hilero eskura izango duzuen ekimen gozoetan gozoena. Oinarrizko Lanbide Heziketako sukaldaritzako ikasleek prestatu eta udal brigadak eramandako gozoak eskainiko dituzte herriko saltokietan, hilero maiatzera arte egun batez, bi dendetan. Apirilari dagokionean, ostiral honetan, apirilaren 4an, Enar Estetikan eta Usurbil Optikan ari dira banatzen.

Modu horretan, garai batean, jubilatu elkarteei zuzenduta egindako ekimen hauxe da berreskuratu dutena. "Gozoak non izango diren jakiteko euskarriak jarriko dira txanda bakoitzean", aurreikusi dute sustatzaileek.

Zaintzadun herria
Usurbil herri zaintzaileagoa bilakatzeko bidean, hiru ekimen aurkeztu zituzten Udalak eta herri eragile hainbatek ekainean; martxan den "Usurbilen, goazen kalera" dinamikarekin batera, jai zaintzaileen eta merkatari zaintzaileen egitasmoak.

Azken honi, herri merkataritza zaintzaileagoa izateari dagokionean, sustatzaileek esan zutenez, "ekimenaren helburua da, herritarren arteko zaintza eta erlazio sareak indartzea eta bultzatzea. Horren baitan ere pertsona zaurgarrien detekzioa eta artatzeko gizarte zerbitzuek komunikazio kanal bat zabaltzea, prebentzioari begira", azaldu zuten.

Iruditan
Gogoan izan, bestalde, iragan martxoaren 29an "Usurbil, herri zaintzailea" izeneko ekitaldi jendetsua egin zuten Sutegin. Bertan, alor honetan herri hau egiten ari den bidea azaleratu zuten, zaintza eredua eraldatzeko egiten ari den ahalegina, besteak beste, abian izan edo bideratzen hastear dituzten hainbat proiektu komunitarioen bidez; Txirikorda, komunitate lantaldea, merkatari zaintzaileak, gazte mugimenduaren buru osasunari buruzko lanketa, HarEman, Hurbilduz... Egitasmo horietan guztietan inplikaturiko herri eragile eta norbanakoek hartu zuten hitza hitzorduan zehar.

Gogoan izan, pertsona ardatz duen eredu berria abian dela Usurbilen, arreta zerbitzuak eskaintzetik  Bizi Planak osatzera igaro dela udalerri hau. Eraldaketa horren berri eman zen ekitaldian zehar, zaintza ekosistema berriaren osagaiak aurkeztearekin batera.

Ekitaldi osoa bideoz grabatu zuen Usurbilgo Udalak eta azken orduotan Youtuben duen kanalera (@usurbiludala4589) igo du. Gogoan izan baita, ekitaldi berean, zaintza ereduan emandako eraldaketa hau dokumental batean jaso eta proiektatu zuten lehen aldiz.

"Zaintza eredu propioa eraikitzeko lanketan jardun duten edo oraindik ere ari diren herritarrak eta eragileak dira protagonistak. Zaintza behar desberdinak dituzten hiru herritarren lekukotzak ere jasotzen dira: Egurtzeko zaintzadun etxebizitzen auzunean bizi den Andoni Aizpeolea, etxean arreta jasotzen duen Maria Galvez eta Txirikordako bizilagun Iñaki Rivero. Halaber, ekosistemaren parte diren profesionalen lekukotzak ere jasotzen dira, besteak beste, etxeko arretan lan egiten duten zaintzaile profesionalak, Eguneko Arretako arduraduna, zaintza behar duten pertsonen garraioaz arduratzen den langilea eta Usurbilgo Udaleko Gizarte Zerbitzuetako langileak".

Dokumentala ere aipatu moduan, Udalak Youtuben duen kanalean ikus dezakezue.


Galdetegia
Martxoaren 29an aurkezturiko proiektu komunitarioen artean bada bada Hurbilduz izeneko auzo zaintzari lotutakoa. Printzipioz, auzo-zaintza proiektu pilotu bat martxan jarri asmo dute, auzo zehatz batean, Zabalduz kooperatibaren bidez. "Komunitateak zaintza eskaintzeko izan dezakeen potentzialitatea aprobetxatu nahi da, alegia, herrikideak zaintzeko komunitateak egin dezakeen ekarpena baloratzea. Hala ere, ez da baztertzen galdetegi eta elkarrizketetatik bestelako beharrak azaleratzeko aukera. Garatuko den proiektua eta diagnostikoaren emaitzak udaberrian aurkeztea aurreikusten da".

Egitasmo hau definitzen hasi aurretik, ordea, bakardade ez hautatuaren inguruan herritarrek duten pertzepzioa adierazi eta jasotzea nahi dute. Horretarako, galdetegi bat zabaldu du Udalak etxez etxe banaturiko Udalberri aldizkariaren bidez, baina baita online ere, esteka honetan osatu daitekeena: bakardade ez hautatuari buruzko galdetegia.

"Zaintza ekosistemaren lanketatik sortu da gaia aztertzeko beharra, eta lehenengo urratsa herritarren ikuspuntua jasotzea izango da", Udalak aurreikusi duenez. Anonimoki osatu ahalko da galdetegia bera, Internet bidez edota paperean. Paperean osatzen dutenentzat dutenentzat hainbat kutxa kokatu ditu Udalak herrian zehar, tokiotan: udaletxea, Potxoenea, kiroldegia, Emakumeon Etxea, osasun zentroa, Artzabal, Opil Goxo, Otar-Goxo, Kaffa kafetegia, Laurok, Arruti harategia, Aginagako eta Santueneako jubilatuen elkarteak, Egurtzegiko taberna, Zubietako Alamandegi taberna, Esnaola janari denda. Gune hauetan kokaturiko kutxetako batean utzi ahalko da galdetegi hori, apirilaren 16a baino lehen.

Galdetegiaz gain, "elkarrizketak ere egingo dira herriko hainbat eragilerekin. Informazio hori guztia aztertu eta ondorioak aterako dituzte, gero, zein behar dauden ezagutu eta beharrezkoak diren esku hartzeak planifikatzeko". 

Printzipioz, auzo-zaintza proiektu pilotu bat martxan jarri asmo dute, auzo zehatz batean. "Komunitateak zaintza eskaintzeko izan dezakeen potentzialitatea aprobetxatu nahi da, alegia, herrikideak zaintzeko komunitateak egin dezakeen ekarpena baloratzea. Hala ere, ez da baztertzen galdetegi eta elkarrizketetatik bestelako beharrak azaleratzeko aukera. Garatuko den proiektua eta diagnostikoaren emaitzak udaberrian aurkeztea aurreikusten da".