Gipuzkoako hiriburura heldutako migranteekin lan egiten duen Donostiako Hiritarron Harrera Sareko kideek sustaturiko ekimen solidarioa antolatu dute. Gizonezkoen arropa biltzeko deialdia egin dute datorren asterako, apirilaren 9an eta 10ean, 17:00-20:00 artean, Usurbilgo Gazte Lokalean (Artzabalen). "Zure laguntza behar dugu!", galdegin dute. Honatx bildu nahi dutena. "Prakak, txandalak, zapatilak, botak, jertseak, galtzerdiak behar ditugu", ohartarazi dute. Horrez gain, "itsulapiko bat egongo da diru ekarpena egin nahi duenarentzat".
Tratu diskriminatzailea
Aipatu moduan, herritar talde batekin batera, Donostirako Hiritarron Harrera Sarea da ekimen honen sustatzailea. "Gure gobernuen erantzun falta dela eta, Donostiako Harrera Sareak bizitza duin bat bilatzen duten pertsonak laguntzen ditu".
Orohar, boluntario talde honek "Donostiara iritsitako migranteekin lan egiten du", gehienak "kalean bizi direnak, atzerriko legedi diskriminatzaileen menpe". Araudiok haien bizi proiektua garatzeko aukera zapuzten diete. "Sarritan, arbuioa eta tratu diskriminatzailea jasaten dute".
Donostiako herri mugimendu honek urteak darama alor honetan lanean.