Martxoaren 29an aurkezturiko proiektu komunitarioen artean bada bat, Hurbilduz izeneko auzo zaintzari lotutakoa. Printzipioz, auzo-zaintza proiektu pilotu bat martxan jarri asmo dute, auzo zehatz batean, Zabalduz kooperatibaren bidez. "Komunitateak zaintza eskaintzeko izan dezakeen potentzialtasuna aprobetxatu nahi da, alegia, herrikideak zaintzeko komunitateak egin dezakeen ekarpena baloratzea. Hala ere, ez da baztertzen galdetegi eta elkarrizketetatik bestelako beharrak azaleratzeko aukera. Garatuko den proiektua eta diagnostikoaren emaitzak udaberrian aurkeztea aurreikusten da".
Egitasmo hau definitzen hasi aurretik, ordea, bakardade ez hautatuaren inguruan herritarrek duten pertzepzioa adierazi eta jasotzea nahi dute. Horretarako, galdetegi bat zabaldu du Udalak etxez etxe banaturiko Udalberri aldizkariaren bidez, baina baita online ere, esteka honetan osatu daitekeena: bakardade ez hautatuari buruzko galdetegia.
Kutxak
"Zaintza ekosistemaren lanketatik sortu da gaia aztertzeko beharra, eta lehenengo urratsa herritarren ikuspuntua jasotzea izango da", Udalak aurreikusi duenez. Anonimoki osatu ahalko da galdetegia bera, Internet bidez edota paperean. Paperean osatzen dutenentzat dutenentzat hainbat kutxa kokatu ditu Udalak herrian zehar, tokiotan: udaletxea, Potxoenea, kiroldegia, Emakumeon Etxea, osasun zentroa, Artzabal, Opil Goxo, Otar-Goxo, Kaffa kafetegia, Laurok, Arruti harategia, Aginagako eta Santueneako jubilatuen elkarteak, Egurtzegiko taberna, Zubietako Alamandegi taberna, Esnaola janari denda. Gune hauetan kokaturiko kutxetako batean utzi ahalko da galdetegi hori, apirilaren 16a baino lehen.
Galdetegiaz gain, "elkarrizketak ere egingo dira herriko hainbat eragilerekin. Informazio hori guztia aztertu eta ondorioak aterako dituzte, gero, zein behar dauden ezagutu eta beharrezkoak diren esku hartzeak planifikatzeko".