Usurbildik Arantzazura tipi-tapa joateko deia egin dute aurten ere. Urte luzeetako ohitura berrituko dute beste behin; Usurbildik Arantzazurainoko bidea oinez osatzea, ostegun honetan bertan, apirilaren 17an. Antolatzaileen esanetan, azken urteotako parte hartzaile gehien izango ditu aurtengo edizioak.
Beti jaieguna izaten den ostegun hau baliatzen dute txango hau egiteko eta oraingo honetan ere ez dute hutsik egingo. 63 kilometro luze dituen bidea osatuko (2.700 metroko desnibela) bihar, hilak 17, Usurbildik Arantzazura.
Goizaldeko 4:45 aldera biltzen dira frontoi atzean, 5:00etarako prestatu eta ibilaldiari ekiteko. Tarte horretan, egunaren amaieran Arantzazutik itzultzeko autobusean aldatzeko arropa uzten da. Ibilbidean zehar, zenbait geldialdi egiten dituzte; hala nola, Mandubian hamaiketakoa, Zumarraga parean arropa aldatzeko aukera, Legazpian bazkaltzeko geratzen dira eta Arantzazura helduta askari baten bueltan borobiltzen dute eguna. Antolakuntzatik azken urteotan helarazi ohi duten ohar garrantzitsua; parte hartzaileak federatuak izateak duen garrantzia, edozer gertatuta ere deitzaileak ez baitira horren erantzule egingo.
Informazio gehiago jasotzeko 662 039 829 telefono zenbakira deitu daiteke. Apirilaren 12an itxi zuten txango honetarako izen-ematea.
Lau hamarkadatik gora
Hamarkada luzeetako usadio zaharrari eutsi dio belaunaldi artekotasuna ere sustatu duen hitzordu honek. Duela lau hamarkada inguru "3 lagun hasi ziren ibilbide hau egiten” antolatzaileen esanetan. Gero, pixkanaka jende gehiago batu zen. Usurbildarrak, eta baita inguruko herrietako mendizale gehiago ere; Donostia, Amasa, Zizurkil edota Tolosa aldekoak. “Berrogeitik gora lagun joatera heldu ginen”, diote. Bidean beraz, jende berria ezagutzeko aukera izan dute.