13. Dantza Eguna

Dantzari belaunaldi berriena, egunaren pizgarri

Noaua Aldizkaria 2025ko api. 5a, 20:10

Belaunaldi gazteenaren parte hartzea erakarritako Dantzari Txiki topaketarekin ekin diote Usurbilgo 13. Dantza Egunari.

Belaunaldi gazteenaren eskutik heldu da aurtengo 13. Dantza Eguna. Goizeko 11:30ak aurretik udaletxe atarian bildu dira etxekoak, Orbeldikoak eta gaurkoan antolatzaileek gonbidatutako beste bi herrietako dantzari talde bana; Zarauzko Jalgi eta Lezoko Murixka.

Urtero legez, partaide guztien talde argazkia atera dute udaletxe atariko eskilaretan eta handik hasi dute segidan, herri erdigunera dantza giroa hedatu duen kalejira. Bi multzotan banatu dira. Hala, aldi berean, Olanoenea eta Mikel Laboa plazetan, Munalurran nahiz Artzabalgo plazetan erakustaldi bikainak eskaini dituzte dantzari gaztetxoek.

Artzabalgo eta Munalurrako azken saioak amaitu ostean elkartu dira Puntapax kalean, denak batera frontoirako bidea hartu dute, hitzordu osoan zehar bidelagun izan dituzten senide eta lagunekin batera.

Dantzarako grina, gogoa eta trebetasuna badutela argi erakutsi dute denek. Dantza zaletasunaren haria ez da etengo berehalakoan.