Euskal Liga

Bi neurketa erabakiorretan lehenengoa irabazi dute Usurbil K.E-ren senior mutilek

Noaua Aldizkaria 2025ko api. 5a, 19:19

Muskizen aurka larunbat arratsalde honetan jokatutako partida irabazi dute usurbildarrek.

Euskal Ligako sailkapen buruan dira Usurbil K.E.-ren senior mutilak. Ezinbestekoa zuten postu horri eusteko, gaurkoa eta hurrengo jardunaldiko partidak irabaztea.

Bi erronketan lehenengoa lortu dute eta gogotik ospatu ere bai. Larunbat arratsalde honetan izan da, apirilaren 5ean, Oiardo kiroldegian. 27-23 irabazi dute usurbildarrek Muskizen aurkako neurketa.

Txalo artean ospatu dute garaipena. Pozik eta herrikideen babesarekin. Izan ere, Usurbil K.E.-k aste hasieran eginiko deialdiari erantzunez, herritar andana joan da Oiardora etxekoak babestera.