13. Dantza Eguna

"Herrigintzan ez bagara aritzen, herri hau ez dugu aurrera aterako"

Noaua Aldizkaria 2025ko api. 6a, 12:39

"Amets" herri ikuskizunaz gozatzera joandako ikus-entzuleentzako gonbitarekin agurtu dute bart, Usurbilgo 13. Dantza Eguna.

Bart borobildu du Orbeldik Usurbilgo 13. Dantza Eguna "Amets" herri ikuskizunaren estreinaldiarekin. Plazaratze honetan aldarrikapenerako tarterik ere izan da dantza taldekoen aldetik, emanaldiaren amaieran hain zuzen.

Hamahirugarren edizio hau ere auzolanean bideratu dute horren garrantzia nabarmendu zuen Aitor Agirrek hitzordu amaieran, frontoian bildutakoen aurrean. Izan ere, halakorik gabe, "oso zaila da urtero halako ikuskizun bat egitea". Horregatik, Orbeldiko kideak gonbita luzatu zien sorkuntza lan honetaz gozatzera joandakoei. "Denok gonbidatzen zaituztet herriko elkarte eta talde desberdinetan parte hartzera. Herrigintza ez badugu sustatzen, herri hau ez dugu aurrera aterako", nabarmendu zuen.

Ondorioz, aurrerantzean ere, "denon parte hartzeak" ezinbestekoa izaten segiko duela ohartarazi zuen. Aurtengo edizioarekin bat egin dutenei esker ona adierazi nahi izan zien; "gurasoei, bazkaria prestatzen aritu direnei, goizeko dantzari txikiei, kanpoko taldeei, teknikari lanetan aritu direnei, ikuskizun honen atzean eta egun osoan zehar lan egiten dutenei, eskerrik asko!", txalotu zuten frontoian bildutakoek.

Eskertza berezia jaso zuten hain zuzen, Aitorrek berak eta Oihana Eizagirrek, ikuskizun honen sorkuntzan eta antolakuntza lanetan eginiko ahaleginagatik. Lore-sorta batekin eta emanaldiko ikus-entzuleen txalo zaparradarekin jaso zuten guztien esker ona.

Edizio berezia izan da aurtengoa Orbeldikoentzat. Izen horrekin, Orbeldi gisa, "hamargarren urtemuga" bete dute eta, beraz, ondo zioten moduan, "guretzat urte berezia" izaten ari da.