13. Dantza Eguna

"Amets" maisuki egi bihurtu dute

Noaua Aldizkaria 2025ko api. 6a, 13:24

Hamahirugarren herri ikuskizuna ere bikaintasun osoz plazaratu du Orbeldik.

Urtero moduan, ikusmina bazen. Horren adierazle, emanaldia hasi baino askoz lehenagotik frontoia nola zegoen; ikus-entzulez beteta, batzuk afari legea ere bertan egin zuten, eserlekua bermatzearren.

Izan ere, galdu ezinezkoa den tradizioan bilakatu du Orbeldik, Dantza Egunaren amaieran estreinatu ohi duen herri ikuskizuna. Hilabeteak igarotzen dituzte prestaketa lanetan, herritik herriarentzat eginiko sorkuntza lan hau ontzen. Zuzeneko musika eta dantza ikuskizuna izaten da, belaunaldi ezberdinetako herrikideak auzolanean jartzen dituena.

Aurtengoa ere bide beretik landu eta plazaratu dute. Herriak gogotik babestu eta txalotu du. "Amets" izena du bart estreinatu eta 13. Dantza Egun hau borobildu duen herri emanaldiak. Estreinakoz, narrazio lanetan jardundako Garikoitz Udabe Pagola herrikidearen ahotsak gidatu eta barneratu gintuen aurtengo saioaren mamian; pertsona baten barne bidaia irudikatu zuten, denetariko erritmodun abestiek agindutako dantza saioekin.

Urtero moduan, harrera beroa egin diote, herriko dantzari eta musikariei. Ez da gutxiagorako, eginiko ahaleginaren merezimendu argia da.