"Elkarrekin nazionalera"

Usurbil K.E.-ko senior mutilen azken partida erabakigarrira joateko autobus zerbitzua

Noaua Aldizkaria 2025ko api. 7a, 10:45

Denboraldia Euskal Ligako sailkapen buruan amaitu eta Espainiako igoera fasean sailkatu ahal izateko erabakigarria izango da apirilaren 13an Usurbil K.E.-ren senior mutilek Basaurin jokatuko duten partida. Hara joateko autobus zerbitzua antolatu dute. Izena emateko presazko deialdia plazaratu du eskubaloi taldeen bilguneak.

Denboraldia amaitzeko bi partida erabakigarri jokatzeke zituztela iragarri zuen Usurbil Kirol Elkarteko senior mutilek. Biak ala biak irabazi beharrekoak zituztela, Euskal Ligan mantendu, liga hau irabazi eta, gainera, Espainiako igoera faserako sailkatu nahi bazuten. Lehenengoa, pasa den larunbaterako zuten hitzartua; 27-23 irabazi zieten usurbildarrek Oiardo kiroldegian jokatutako partida Muskizi. Gogotik ospatu zuten.

Bigarren partida, igande honetan, apirilaren 13an jokatuko dute, oraingo honetan Bizkaian, Basaurin hain zuzen. Hara joan eta usurbildarrak babestu zein animatzeko autobus zerbitzua antolatu du Usurbil K.E.-k. "Aurrean dugu liga amaierako azken partida, eta gure senior mutilen taldea behin behinean lidertza postuan kokatzen da, Euskadiko txapeldun bihurtuz eta Espainiako igoera faserako sailkatzeko garaipen bakarrera!", gogorarazi dute eskubaloi taldeen elkartetik.

Basauriko neurketa igande eguerdiko 12:15ean jokatuko dute. Hara joateko autobus zerbitzua, goizeko 9:45ean abiatuko da Usurbildik. "Gu animatzera etortzeko, antolatuko dugun autobusean gurekin etorriko zinatekeen jakin nahiko genuke: plazak libre egongo dira eta! Honen harira, autobuseko plazak bukatuz gero, apuntatze ordu/egunaren arabera izango da bidaiariaren aukeraketa", ohartarazi dute Usurbil K.E.-tik.

Beraz, autobus zerbitzu hau balitatu nahi dutenek ahalik eta azkarren izena emateko deia egin dute. Honako estekan duzuen galdetegian eman beharra dago izena, asteartetik asteazkenerako gauerdia baino lehen: https://forms.gle/A6YEDHtoPWFTfdPh9