"Helburua gure zerbitzuaren egoera azaldu eta udalerri horiei nola eragiten dien azaltzea zen", berri eman dute Donostiako suhiltzaileek sare sozialen bidez.
Esker ona adierazi diete hiru udalerriotako alkateei. "Harrera oso ona izan zen eta bilera oso positiboa. Milesker hiruoi gure kolektiboari entzuteagatik", adierazi dute Donostiako suhiltzaileek.
"Borondate politikoa"
Gogoan izan, mobilizazioetan dihardute suhiltzaileok. Gipuzkoako hiriburuko udalak jardunean izateko hamalau suhiltzaileen gutxienekoa ez duela betetzen salatu dute asteotan. "Egun batzuetan hamaika suhiltzaile baino ez daude 265.000 biztanleko hiriburu gunea betetzeko", jakinarazi dute ohar bidez, nahiz bestelakorik dagoen idatzia. "Paperean gutxienez, hamalau suhiltzaile egongo direla idatzi duten arren (hori da irteera handi bakar baterako prozedura operatiboak betetzeko behar den gutxienekoa), ez dituzte behar hori betetzeko tresnak ezarri", azaldu dute.
Horrek eragina du bistan denez, hiriburuan bertan baina baita inguruko udalerriotan ere, tartean, Usurbilen. Aipatu langileen kolektibotik azaldu dutenez, "oraindik ez dugu plantilla handitu Donostialdean (Pasaia, Hernani, Usurbil, Urnieta, Lasarte eta Astigarraga) hiriburuarentzako dakarren arrisku eta segurtasun faltarekin, askotan baliabide guztiak udalerri horietan zerbitzuak ematen ari baitira".
Testuinguru honetan, "borondate politikoa" izatea galdegin dute, "beste gai batzuetarako dagoen bezala, zerbitzu hau modernizatzeko, segurtasun-baldintzetan lan egiteko plantilla nahikoa izatea eta herritarrek ordaintzen dituen zergen araberako erantzuna jaso ahal izatea".
Oraindik egiteko asko dagoela jakinarazi dute: "brigadetan eta operadoreetan plantilla handitzea, Donostialdearen behar operatiboei aurre egiteko; "Plangintza eta Babes Zibileko plantilla handitzea; "tailer mekanikoa eta mantenimendu arloko plantilla handitzea; Euskadiko SPEIS lege berriaren egokitzapena; sarjentu, kabo eta suhiltzaileentzako LEPak martxan jartzea; "hurrengo lau urteetarako lehentasunak eta hobekuntzak markatuko dituen estrategia- eta komunikazio-plana lantzea; edota parkea handitzea.
Funtsezkotzat jotzen dute langileok "Donostiako Udal Gobernuak behingoz onartzea langileen lan-baldintzak larrialdietako zerbitzu publiko gisa behar duena izatea, Donostiako eta Donostialdeko herritarrek eskatzen dioten kalitatea lortzeko".
"Akordioa antzua da"
Pasa den astean, prebentzio, su itzaltze eta salbamendu zerbitzua emateko hitzarmen berria onartu zuen Donostiko Udalak "zerbitzu hori subsidiarioki bermatzeko, Foru Aldundiak horretarako baliabide propio egokirik ez duen bitartean. Hitzarmenaren xede den udalaz gaindiko kudeaketa-enkarguaren erabilera konpentsatzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiak 2.750.000 euro ordainduko dizkio Donostiako Udalari 2025. urterako".
Ez da aski, hiriburuari eta inguruko udalerriei, tartean Usurbili zerbitzua eskaintzen dieten suhiltzaileek jakinarazi dutenez. Hitzarmen hau "oso berandu" datorrela eta gipuzkoarron "behar eta exijentziak" ez dituela betetzen adierazi du, Donostiako Udaleko Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu Zerbitzua (PSISZ) osatzen duten langileen kolektiboak. Ohar bidez jakinarazi dutenez, hitzarmenak ez du langile berrien beharrik jasotzen, "laguntza teknikoko irteerak akordiotik kanpo geratu dira", "ez da kontuan hartzen zein zerbitzu iristen den lehenago" edota "ez da pausorik ematen komunikazio zentralen bat-egitean".
Horregatik, diotenez, "akordioa antzua da eta ez ditu Gipuzkoako lurraldean suhiltzaile zerbitzuari dagokionean dauden arazoak bere gain hartzen". Giza baliabideak ezartzeko eta "funtzionamendu operatibo bateratuan lan egiteko" borondate falta egotzi diete Aldundiari eta hiriburuko Udalari.
Aldunditik Udalak jasoko duen finantziazioaren handitzea "ez da zerbitzuko aurrekontuan islatuko". Berretsi dutenez, egungo langile kopurua ez da aski "Donostiako udalerriak beharko lukeen zerbitzua emateko, eta, beraz, are gutxiago, Donostialdeko hiriei zerbitzu duina emateko ere", tartean Usurbili.
Izan ere, kalkulatua dutenez, "Gipuzkoako Foru Aldundiak dituen ratioak berdintzeko, txanda bakoitzeko sei suhiltzaile gehiago (36 suhiltzaile denera) beharko genituzke Donostialdeko hiriei zerbitzu seguru eta kalitatezkoa emateko eta suhiltzaile bat gehiago txandako Donostiari zerbitzua emateko (42 denera)". Horrez gain, komunikazio zentralerako beste langile bat behar dutela galdegin dute.
Ondorioz, premiazkotzat jotzen dute "donostiarren eta Donostialdeko beste herritarren segurtasunagatik" hiriburuko udalak jasotako milioi bat euro "behar diren langileen kontratazioan inbertitzea".
Asteak daramate mobilizazioetan eta apirilearen sartzearekin batera, gauza bera egin dute. "Langile falta aldarrikatzen jarraituko dugu, hiri seguru baten eta zerbitzu moderno baten alde", iragarri dute.
Sutea
Bide batez, Euskadiko suhiltzaileek berri eman dutenez, larunbatean, apirilaren 5ean Zubietan esku hartu behar izan zuten, Iruin sagardotegitik hurbil. Izan ere, ondoko zelaian sute piztu zen.
Incendio de pastos #Zubieta al lado de la sidreria de iruin#bomberos#Zubieta belar sua Iruingo sagardo fabrikaren ondoan
— Bomberos Euskadi (@BomberosEuskadi) April 5, 2025
#suhiltzaileak @BomberosDonosti pic.twitter.com/ZzEDchUyI1