Aparejadore eta zerbitzu zein mantenu saileko buruaren lanpostua betetzeko udal deialdia

Noaua Aldizkaria 2025ko api. 7a, 09:54

Aparejadorea eta zerbitzu zein mantenu saileko buruaren lanpostua betetzeko lehiaketa bereziaren deialdia plazaratu du Usurbilgo Udalak.

Xehetasunak astelehen honetako, apirilaren 7ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean dituzue. Deialdirako izena emateko epealdia astearte honetan, hilaren 8an irekiko dute. Maiatzaren 2ra arte eskatu ahalko dute interesdunek deialdi horretan parte hartzea, usurbil.eus bidez. "Gaur kaleratutako oinarrietan zehazten dira lanpostuaren eginkizunak eta funtzio nagusiak, lehiaketa berezian parte hartzeko baldintzak, eskariak egiteko aurkeztu beharreko dokumentazioa, epeak eta prozesua gauzatzeko modua", berri eman du Usurbilgo Udalak.

Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez Udalak zehaztu duenez hain zuzen, "oinarri hauen xedea da arautzea Udal Aparejadorea/Zerbitzu eta mantenu saileko burua lanpostua betetzeko lehiaketa berezia, Usurbilgo Udaleko Lanpostuen Zerrendan 4.3. kodea duena. Lanpostu hau funtzionarioentzako gordetakoa da. Postu hau A2 taldean sailkatuta dago eta administrazio bereziko eskalakoa da, azpieskala teknikoa eta erdi mailako teknikarien klasekoa".

Egitekoak
Lanpostuak laugarren hizkuntza eskakizuna du ezarria, derrigorrezkoa dena. Lanaldi osoko lanpostua da. Udal aparejadoreak "hirigintza, obrak eta ingurugiroko sailari dagokionez, bere eremu profesionalari dagozkion eta bere ardurapean dauden funtzio eta lizentziei buruzko txostenak egin (obra txikiak, jarduera lizentziak, e.a.)" beharko dute. Horrez gain, "arlo horretako espedienteetan parte hartzen duenean, Arkitektoarekin batera koordinazioa bermatu" beharko du.

Zerbitzu eta mantenu saileko buru gisa, "bere ardurapeko arloaren (zerbitzu eta mantenua) eskumenekin loturik dauden gaiei buruzko azterketa, txosten eta aholkularitza teknikoaz arduratu" beharko du, langileei laguntza teknikoa eskaintzearekin batera; mantentzea eta lanak, argiztapena, hilerria, ura, estolderia etab. ".