Aitaren kutxa
Ehorzketa laburra izan zen. Apaizak aitaren alde otoitz egin, eta jarraian hilerriko langileek hilkutxa hobian sartu zuten. Harlauza gainean jarri zutenerako, ama eta biok kanpoaldean ginen. Gurekin batera, familiakolagun zahar bat eta aldameneko betiko bizilaguna; beste inor ez, seme bakarra bainaiz eta ahaiderik ez baita geratzen. Euria gogotik ari zuen, eta taxia etorri bitartean, aterkia partekatu nuen amarekin. Ez genuen ezer hitz egin, ez zegoen giro. Hark zigarro bat piztu zuen, eta nik, isiltasunean, ahaleginak egin behar izan nituen kea ez irensteko.
Handik ordu erdira etxean ginen. Ez dakit noiz izan nintzen bertan azkeneko aldiz, baina beti bezala ikusten nuen. Burdinazko esekitokia atondoan, aitaren jaka zintzilik zegoela. Brontzezko erloju matxuratua korridoreko albo batean. Azuleju koipetuak sukalde estuan.–Hor daukazu zopa zeozer afaldu nahi baduzu –esan zidan.Ondoezik zegoela-eta, Valium bat hartu, eta ohera joan zen zuzenean.
Ni bezperan etorria nintzen herrira. Egun batzuk lehenago amaren deia jaso nuen: aita oso gaizki zegoela, eta ez zuela asko iraungo. Laneko premiazko kontuak bideratu bezain laster, Munich-Bilbo hegaldia hartu nuen, baina ospitalera iritsi nintzenerako,ordu batzuk zeramatzan hilda. Nahiko ondo nuen pentsatuta nolakoa izango zen unea. Eskutik helduko nion, pasadizoren bat gogoratu, hitz goxoak batzuk... Azkenean hori guztia ez zen beharrezkorik izan.
Egian esan, aita eta biok ez genuen inoiz izan harreman handirik. Ez dut gogoratzen bizpahiru hitz baino gehiagoko elkarrizketarik... agian hauxe, speedpoltsa sukaldeko mahaian ahaztu nuenean: “Ez diot amari ezer esango, baina ez utzi hori hor gehiago”.
Urte horietako krisialdi ekonomikoak behartuta, aldez aurretik hartu behar izan zuen erretiroa, eta nahiko denbora libre zuen bere bizitza egiteko. Teilatupe berean ginen, baina bakoitzak bereari ekiten zion. Batzuetan Errioxa aldera joaten zen hainbat egunetarako ehiztari kuadrilla batekin. Hala ere, haren falta ez nuen sumatzen. Dena berdin segitzen zuen.
Amarekin beste kontua zen. Ez zen nire bizitzan sartzen, baina banekien gainean zegoela. Zaila zen zeozer egitea hark azkenean jakingo zuelakoaren zalantza izan gabe. Dena den, eskaileretatik behera erori zenez geroztik, migraina kronikoak izan zituen. Hortik aurrera lasaiago ibili nintzen.
Beraiek ere harreman handirik zutenik ezin da esan. Elkarrekin ez nituen askotan ikusi. Erretiratu aurretik, aitak txandaka egiten zuen lan: gauez zebilenean, egunez lo; eta alderantziz. Asteburuetan ere, bakoitzak bere aldetik.Ama, gehienetan, ohean buruko minez, edo bestela sofan etzanda telebista ikusten. Aita, Atotxa zaharrera, edo lagunekin musean aritzera.
Zopa ez zait inoiz asko gustatu, nahiz eta orain kartoffelsuppebikaina egiten dudan. Beraz, hozkailuan aurkitutako jogurt pare bat hartu eta sofan eseri nintzen. Aitortu behar dut telebista gaineko armairua beti iruditu izan zaidala toki misteriotsua, txikia nintzenetik. Han egoten ziren aitak mus txapelketetan irabazitako kopak; eta han, tartean, berekartoizko kutxa.
Han gordetzen zituen bere altxorrak: Realeko bazkide txartela, askotariko metxeroak, zilar itxurako giltzarriak...
Sofatik altxatu, eta kutxa hori azken aldiz miatzea erabaki nuen. Betiko gauzen azpian, argazki bat aurkitu nuen, zuri-beltzekoa. Nik hiruzpalau urte izango nituen, eta aitak sorbaldan ninderaman. Gutun bat ere bazegoen, puskaturik, baina zatiak elkarren ondoan jarrita, ondo irakur zitekeen: “Gaur hitz egingo dut berarekin, eta bihar bertan banoa Logroñora zurekinbizitzera. Hark ere nirekin hitz egin nahi omen du, zeozer garrantzitsua duela esateko”. Data 1974ko martxoaren 2koa zuen, ni jaio baino sei hilabete lehenagokoa.