Euskaraldia eragiteko konpromisoarekin bat egin eta "euskararen erabileran aurrerapausoak eman eta hizkuntza portaerak aldatzera animatuko dituzte herritarrak". Asmo horiekin osatu zuten iazko azaroan, maiatzaren 15etik 25era egingo den laugarren Euskaraldira begirako Hamaikakoa aurpegi ezagunekin. Herriz herri ere osatzen ari dira helburu horiekin, ariketa kolektibo honen "enbaxadore" taldeak. Usurbilek badu berea ekimena sustatzen ari den batzordearen eskutik, azken asteotako aldizkarietan aurkezten joan garen moduan.
Hamaikako horretan dira hiru herrikideok; Alizia, Modu eta Antton. Euskaraldian parte hartzearen garrantziaz edota ekimenak haiengan izandako eraginaz dihardute ekimen hau Usurbilen dinamizatzen ari den batzordeari eskainitako bideo elkarrizketa laburretan nabarmendu dutenez.
"Euskaraz hitz egin nahi nuke"
Hasteko, aurkezpen gutxi behar duen Modu da Euskaraldiari atxikimendua adierazi eta parte hartzeko asmo argia agertu duena. Urteak daramatza Usurbilen bizitzen. Euskara ahotan hartzeko ariketa kolektibo honetan parte hartzeko garrantzia nabarmendu du, horretarako, "hitz egiteko batez ere, jendearekin euskaraz harremandu ahal izateko". Izan ere, bere esanetan, "oso garrantzitsua da, bizi zaren herrian bertan hitz egiten duten hizkuntzan komunikatzea". Zalantzarik ez du, erdaraz baino, "euskaraz hitz egin nahi nuke". Horregatik du, "lehen hitza euskaraz" egiteko erronka.
"Indarra ematen didate"
Ildo beretik mintzatu da, Euskaraldia Usurbilen sustatzen ari den herri batzordeak grabaturiko elkarrizketa sortan, Alizia ere. Santuenean bizi da. Maiatzeko bigarren hamabostaldian egingo den laugarren Euskaraldian belarriprest gisa parte hartuko du. Belarrira euskara heldu behar zaie rol honetan parte hartzen dutenei, hizkuntza horretan mintzatu behar gara ahobizien kasuan bezalaxe, hala egiteak arrastoa uzten du eta, Aliziak gogorarazi digunez.
Aurreko edizioen amaieran, uste baino gehiago ulertu eta hitz egin ahal izan zuela euskaraz, dio Santueneko bizilagunak. Horrek ere bera bultzatu du, Euskaraldiak iraundako hamaika egunetatik kanpo, epealdi hori igaro ostean ere, "gerora, euskaraz gehiagotan aritzera". Solturaz hitz egiterik izan ez arren, Euskaraldiari esker, "konturatuko dira ni bezala, gutxirekin zenbat egin daitekeen". Dagoeneko euskaraz aritzeko ohitura du hainbat pertsonekin. "Haiek euskaraz hitz egiten laguntzen didate eta ez zait kostatzen. Indarra ematen didate", ahalegin horretan jarraitzeko.
"Elkar mugituz, egingo dugu!"
Antton da, Euskaraldiarekin bat egin duen beste herrikideetako bat. Herri batzordeak grabatu dion elkarrizketan, dioen moduan, 28 urte darama Usurbilen bizitzen familiarekin. "Euskaraz ikasten ari naiz berriro", adierazi du. Egun, jubilatua da eta bere belaunaldikoekin batera, "euskara ikasten ari gara".
Bi hilabete barru egingo den laugarren Euskaraldian belarriprest izango da Antton, erronka argi batekin; "niretzat euskara da elkarrizketan aritzea eta hori bultzatu nahi nuke, euskaraz hitz egitea". Horretara gonbidatu gaitu guztiok, haien bidelagun izatera; "elkar mugituz, egingo dugu!".
1️⃣1️⃣ dira Euskaraldian parte hartzeko ditugun arrazoiak, honenbestez, herritarren ahotsak bildu ditugu bideo hauetan: (1/11)👇👇👇#Euskaraldia2025 #Elkarmugituzegingodugu pic.twitter.com/JCUkKSNuBF
— Euskaraldia Usurbil (@EuskaraldiaUsur) March 19, 2025
2️⃣/1️⃣1️⃣ Eman izena hemen!👇👇👇https://t.co/jynqTNucHP#euskaraldia2025 #elkarmugituzegingodugu pic.twitter.com/ckeGW0dUut
— Euskaraldia Usurbil (@EuskaraldiaUsur) March 20, 2025
3️⃣/1️⃣1️⃣
— Euskaraldia Usurbil (@EuskaraldiaUsur) March 21, 2025
Eman izena! 👉👉👉👉https://t.co/lrd3zM0qxg#Euskaraldia2025#Elkarmugituzegingodugu pic.twitter.com/1gsRUHDZZC