Gipuzkoako hiriburura heldutako migranteekin lan egiten duen Donostiako Hiritarron Harrera Sareko kideek sustaturiko ekimen solidarioa antolatu dute. Gizonezkoen arropa biltzeko deialdia egin dute asteazken eta ostegun honetarako, apirilaren 9an eta 10ean, 17:00-20:00 artean, Usurbilgo Gazte Lokalean (Artzabalen). "Zure laguntza behar dugu!", galdegin dute. Honatx bildu nahi dutena. "Prakak, txandalak, zapatilak, botak, jertseak, galtzerdiak behar ditugu", ohartarazi dute. Horrez gain, "itsulapiko bat egongo da diru ekarpena egin nahi duenarentzat".
Tratu diskriminatzailea
Aipatu moduan, herritar talde batekin batera, Donostirako Hiritarron Harrera Sarea da ekimen honen sustatzailea. "Gure gobernuen erantzun falta dela eta, Donostiako Harrera Sareak bizitza duin bat bilatzen duten pertsonak laguntzen ditu".
Orohar, boluntario talde honek "Donostiara iritsitako migranteekin lan egiten du", gehienak "kalean bizi direnak, atzerriko legedi diskriminatzaileen menpe". Araudiok haien bizi proiektua garatzeko aukera zapuzten diete. "Sarritan, arbuioa eta tratu diskriminatzailea jasaten dute".
Donostiako herri mugimendu honek urteak darama alor honetan lanean.

"Ibai-Ondo Backyard" erronka
Aurrekaririk izango ez duen erronkaren atarian dira Santuenean. Asteburuan jokatuko da, larunbat goizeko 8:00etan hasi eta amaiera argirik izango ez duen "Ibai-Ondo Backyard" ekimenaren estreinako edizioa. 116 lasterkarik Santuenea, Atallu eta erriberatik Txokoalde lotuko dituen 6,7 kilometroko ibilbidea osatuko dute orduero, ahal duten arte.
Ekimen hau lerrootara dakarkigu, izaera solidarioa izango duelako. Izan ere, Caritasen Aterpe zerbitzurako janari bilketa egingo dute. Lasterkariek 3 kilo janari emango dituzte. Baina deialdi irekia da herritar ororentzat. Mota guztietako lekaleak (hobe kristalezko ontzian), kontserbetan (atuna, sardinak, …), olioa, kafe xigortua, marmelada, gurina, azukrea, arroza eta pasta eman ahalko da. "Horretarako, boxen gunean edukiontzi batzuk izango ditugu elikagai solidario hauek bertan uzteko", ohartarazi dute antolatzaileek.