"Elkarrekin Euskadiko txapeldun!"

140 izen-emate eta hiru autobus igandean, Usurbil K.E.-koen senior mutilak animatzera joateko

Noaua Aldizkaria 2025ko api. 8a, 17:58

Euskadiko txapeldun bihurtu eta Espainiako faserako sailkatzeko partida erabakigarria jokatuko du Usurbil K.E.-ren senior mutilen taldeak apirilaren 13an Basaurin. Taldea animatzera joateko deialdiak arrakasta itzela izan du. Deialdi horri begirako zenbait xehetasunez ohartarazi du eskubaloi taldeen bilguneak.

Euskadiko txapeldun izendatu eta Espainiako faserako sailka daitezke Usurbil Kirol Elkarteko senior mutilen taldekoak, igande honetan, apirilaren 13an Basaurin jokatuko duten azken neurketa irabazten badute. Bistan denez, partida ezin erabakigarriagoa izango da, bost egun barru izango dutena usurbildarrek Bizkaiko udalerri horretan.

Une hain garrantzitsuan ez dira bakarrik egongo, usurbildar mordoa izango dute alboan. Izan ere, Usurbil Kirol Elkarteak Basaurira taldea animatzera joateko deia egin du egunotan. Horretarako autobus zerbitzua antolatu zuen eta izena ematera gonbidatu, galdetegi honen bidez: https://forms.gle/A6YEDHtoPWFTfdPh9

Hiru autobus
Deialdiak arrakasta itzela izan duela nabarmendu du ohar bidez, Usurbil Kirol Elkarteak. Izan ere, 140 izen-emate baino gehiago bildu dituzte bi egunotan, "benetan sinestezina". Horregatik hain zuzen, "eskerrak eman nahi dizkizuegu izena eman duzuen guztioi".

Hasiera batean autobus bakarrarekin moldatzea aurreikusia bazuten ere, azkenean hiru jarri beharko dituzte.

Ordainketak
Izena emana dutenei begirako zenbait ohar plazaratu ditu herriko eskubaloi taldeen elkarteak. Batetik, "bidaiari bakoitzak kopuru jakin bat ordaindu beharko du joan etorriarengatik". Adi, ordainketak egiteko hitzorduok finkatu ditu Usurbil K.E.-k:
-Apirilak 8, asteartea: 19:30-20:30.
-Apirilak 9, asteazkena: 19:30-20:30.
-Apirilak 11, ostirala: 18:30-19:30.
Tokia: Oiardo kiroldegiko harrera.
Prezioak: helduek 10 euro, haurrek 5 euro, Usurbil K.E.ko kide gaztetxo zein helduek (jokalariek, entrenatzaileek, zuzendaritzak), 3 euro.
Oharra: kamisetak erosteko aukera.

Igandeko irteera
Usurbil K.E.-eko senior mutilek Basauriko taldekoen aurkako partida igandean jokatuko da, apirilaren 13an aipatu moduan, eguerdiko 12:15ean. Hara joateko autobusak goizeko 9:45ean abiatuko dira Usurbildik, Oiardo kiroldegitik hain zuzen. Irteera ordua errespetatzea galdegin dute, garaiz joatea kiroldegi parera. "Mesedez eskatuko dizuegu bidaiari bakoitza bertan 09:30etan egotea, atzerapenak ekiditeko".

Azken orduan norbaitek ezingo balu joan, usurbilkirolelkartea@gmail.com helbidera email bidez jakinaraztea eskatu dute, asteazken arratsaldeko 17:00ak baino lehen.

Adi, Basaurira joan asmo duzuenoi. "Etorri behar duen bakoitzak, etxetik kamiseta gorria soinean, turutak esku artean eta eztarria urratu arte" prest etor dadila galdegin dute. 

"Zu zelaian, gu harmailan... Kanta dezagun denok batera USURBIL K.E garela! DENON ARTEAN EUSKADIKO TXAPELDUN!".