Gernika-Palestina

"Palestina, zurekin gaude! Ez zaitugu inoiz bakarrik utziko!"

Noaua Aldizkaria 2025ko api. 8a, 14:27

Gernika-Palestina Herri Ekimenak deitutako mobilizazio egunarekin bat egin dute baita usurbildarrek. Elkarretaratzea egin dute astearte honetan, udaletxe atarian.

Astearte honetako arratsaldeko 19:00ak jotzearekin batera, sirena-hotsak entzun dira udaletxe ataritik. Une horretan ekin diote, Euskal Herriko beste hainbat plazetan bezala, Gernika-Palestina Herri Ekimenak deitutako mobilizazioei.

"Lurra. Justizia. Bakea. Genozidioa Stop" aldarripean batu dira herrikideak, hainbat palestinar banderak eskuartean zituztela.

Gogoan izan, martxoaren 29an iragarri zituzten mobilizaziook Gernika-Palestina herri ekimeneko kide diren alderdi politiko, sindikatu eta gizarte eragileek Donostiako Kursaalean eginiko bilkuran. 

Elkarretaratze amaieran, segidan duzuen Jon Maiaren idatzia plazaratu dute, pasa den martxoaren 22an urgentziaz Donostian deitutako manifestazio nazionalaren amaieran irakurritakoa. "Palestina, zurekin gaude! Ez zaitugu inoiz bakarrik utziko!", adierazi dute.

Idatzi honen bidez hain zuzen, palestinar herriaren eta gizarteriaren aurkako azken erasoak salatu eta "Palestinako herriari gure maitasuna eta babesa helarazteko" egin dira mobilizazio hauek.

Adierazpena
Beste behin elkartu gara, Palestinako herriaren eta gizateriaren aurkako azken erasoen aurrean gure salaketa ozena adierazteko! Nahikoa da esateko! Eta hemendik, Euskal Herria deritzon munduaren txoko honetatik Palestinako herriari gure maitasuna eta babesa helarazteko. Haritzaren herritik olibondoaren herrira. Gernikaren herritik Gazako herrira.

Jasanezina egiten zaigu Israelen eraso bakar bat gehiago.
Jasanezina handik iristen zaigun odolezko eta sufrimenduzko irudi bakar bat gehiago.
Jasanezina palestinarren heriotza bakar bat gehiago.
Jasanezina hainbat herrialderen eta erakunderen konplizitatea.
Jasanezina konponbidean pausoak eman beharrean, genozidioarekin aurrera egitea.
Jasanezina eta onartezina da genozidio anker honek segundo bakar bat gehiago jarraitzea mundu osoaren begien aurrean.

Begi guztiak Palestinan ditugu eta hemendik, Donostiatik, Euskal Herritik mundu osoan bidegabekeria eta izugarrikeria honen aurka ari den aldarriarekin bat egiten dugu.

Palestinako herriaren eskubide legitimoekin bat eginez, hemen bildu garen euskal herritarrok ere adierazten dugu ez dugula onartuko Palestinako herriaren errekonozimendua eta Israleen okupazioaren amaiera ez den beste soluziorik.

Eta irmo adierazten dugu, behar den guztietan jarraituko dugula salatzen Israelen bihotz gabeko gerra politika sionista genozida eta berarekin bat egiten duen ororen konplizitatea.

Palestinaren borroka, justizia unibertsalaren aldeko borroka da, genozidio ororen aurkako borroka da, giza eskubideen eta herrien eskubideen aldeko borroka da. Gutako bakoitzaren eta gure seme-alaben etorkizuneko munduaren borroka da.

Euskal herritar guztiei dei egiten diegu mobilizazioei adi egoteko. Ez kentzeko begirada Palestinatik. Jarraitzeko hemendik salatzen eta konponbidearen aldeko bidea zabaltzen.

Palestina, zurekin gaude! Ez zaitugu inoiz bakarrik utziko!

Gora Palestina askatuta!

Donostia, martxoak 22
Jon Maiak idatzitako idazkia

 
 
 
 
 

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!