Sortalde Usurbilgo Energia Berriztagarrien Komunitateak ekitaldia iragarri du asteazken honetan, apirilaren 9an, arratsaldeko 18:30ean Sutegiko auditorioan. “Vidas Irrenovables (Bizitza ez-berriztagarriak)” izeneko dokumentala proiektatuko dute lehenbizi eta segidan, iritziak trukatzeko tartea egongo da. Hitzordurako gonbidapenak usurbilkultura.eus bidez jaso ahalko dira.
Proiekzioa gaztelaniaz eskainiko da euskarazko azpidatziekin. “Trantsizio ekosoziala gaur egungo erronkarik handienetakoa dugu: erregai fosiletan oinarritutako energia sorkuntzatik, berriztagarrietara aldaketa egitea, tokiko beharretara zuzenduta, kudeaketa eta gobernantza komunitarioa oinarri duela. Halaber, energia sorkuntza berriztagarriei mugarik jarri behar al zaie? Berriztagarria eta jasangarria uztargarri izateko zeintzuk dira baldintzak? Sortaldek, gaur egungo transizio ekologikoa ardatz, egiten ari diren makroproiektuen eragin ekosoziala eztabaida mahaira ekarri nahi du”.