Ziortzak 40 urte

Produktuen katalogoa kaleratu du Ziortzak bere 40. urtemugaren harira

Noaua Aldizkaria 2025ko api. 9a, 10:29

Maiatza amaieran ospatuko duen 40. urtemugaren harira, produktuen katalogoa argitaratu du Ziortzak. Eskaerak egin ditzakezue jada.

40 urte bete ditu Ziortza Gazte Elkarteak. Berriki jakinarazi zuten moduan, jarri diote eguna ospakizun urtemugari, maiatzaren 23an eta 24an murgilduko dira urteurren festan. Urteurren berezi honi begira, gainera, bilguneak dituen produktuen katalogoa argitaratu berri du  bere sare sozialetan.

"Jakingo duzuen bezala, gure 40. urteurrena ospatzen gabiltza; eta hortaz, Ziortzako produktu sorta sortu dugu maitasun handiz", nabarmendu dute. Produktu sorta osoa Ane Ibargoyen herrikideak diseinaturiko katalogo batean bildu dute. Bilduma horretan dagoen galdetegiaren bidez eskatu ahalko dira produktu horiek. Izan ere denetarik dute; kamisetak, sudaderak, txapelak, kantinplorak, mantalak, Tote Bag-ak... "Produktuen eskaerak zuen erantzunen arabera egingo ditugunez mesedez galdetegia konpromezuz bete", galdegin dute Ziortzatik. Hona hemen aipatu kontuei lotutako estekak:
-Katalogoa.
-Galdetegia.

Ziortza gazte elkartekoekin hartuemanetan jartzeko bideok dituzue: ziortzage@gmail.com edo Instagram bidez @ziortzage helbidean.


Urteurren festa maiatzean
Ziortzak 40 urteko ibilbidea osatu du eta ospatzera doaz. "Aurtengo urtea berezia izango da, 1985ean sortu zen Ziortza Gazte Elkarteak 40 urte betetzen ditu!", gogorarazi zuten sare sozialen bidez.

Maiatzaren 23an eta 24an izango da urtemuga festa. "Gogotsu gaude egun berezi hauek zuekin guztiekin ospatzeko", iragarri dute.

Gogoan izan, azkenaldian, Ziortzaren berri izan dugu, udako kanpaldirako aurre izen-ematea bideratu dutelako baita apirileko azken asteburuan Beizamako aterpetxean egingo duten elkarbizitza ere. Neguan zehar, haurrentzako euskarazko zine zikloa antolatzen lagundu dute Udalarekin batera. Urte hasieran erregeen kabalgata antolatu zuten baita. Horrez gain, Elkargunearen eraikuntza prozesuan parte hartzen ari dira.

Ekimen guztion, nahiz urtean zehar bideratzen duten dinamikan zehar, tarte bat hartu asmo dute maiatzaren 23an eta 24an, lau hamarkadako ibilbidea osatu zuen elkarteari gorazarre egiteko.