Usurbilek gaikako bilketa eredua irauli zuenetik hamasei urte bete ziren martxoan. Tarteka egin ohi duen moduan, gai horri buruzko 2024ko datuak kaleratu ditu Usurbilgo Udalak.
Bataz beste %84,86ko gaikako bilketa izan zuen udalerri honek iaz, Usurbilgo Udalak jakinarazitako datuen arabera. Halere, hainbat hilabeteetan ehuneko handiagoa izan zuen; urtarrilean %88,52, %86,13 martxoan, %87,81 uztailean, edota %85aren bueltakoa izan zen apirilean, maiatzean, urrian edota abenduan.
Ehuneko horri lotutako zehaztasun gehiago ere eskaini ditu Udalak. Batetik, iaz, 3.114 tona hiri hondakin bildu ziren Usurbilen, 484 kilo biztanleko. Biztanleak aipatuta, 6.438 herrikide zituen iaz udalerri honek. 2008tik 2024ra arte izandako bilakaera datuak ere kaleratu ditu Udalak. 2010ean 3.504 tona bildu ziren baina gainerako urteetan hortik behera, 3.000 tona inguru, pertsonako eta urteko 400-500 tona.
Errefusa murrizten
Datuok atalka aztertuta, udal iturrien arabera, biohondakina da gehien bildutakoa Usurbilen, 822 tona izan ziren iaz, haren erdia (462 tona) papera eta kartoia, 213 tona beira, 286 tona ontzi arin, 126 tona tokiko konposta izan ziren, etxeko olioa beste hiru. Errefusari dagokionean, guztira 471 tona jaso ziren, gehiena (322 tona) industrian, 95 tona etxeetan eta 54 kale garbiketan.
Hondakinak atez ate biltzen 2009ko martxoaren 16an hasi zen herri hau. Honenbestez, ordutik hona hiri hondakinen bilketak atalka izan duen bilakaera bereziki urte hartan nabarmendu zen, 2008ko datuekiko alderatuta: 1.921 tonatik 663ra murriztu zen errefusa. Ordutik hona ere murrizten joan da, 555 tona 2012an, 391raino gutxitu zen 2022an, 417 izan ziren 2023an eta iaz 471 tona.
Bestalde, ordura arte gaika biltzen ez zen biohondakina jasotzen hasi eta 2008an 0 tona biltzetik 379 tona jasotzera igaro zen herri hau 2009ko martxotik abendura. Are gehiago hazi zen 2010an, 911 tonaraino. Gerora 700-900 tona artean bildu izan dira urtero. 2023an 793, 2024an 822.
%85eko gaikako bilketa Usurbilen, %60tik beherakoa San Markon eta Gipuzkoan
Udalak kaleraturiko datuotan, urtero Usurbilgo errealitatea San Marko Mankomuniteak nahiz Gipuzkoako duenarekin alderatzen du. Begi-bistakoa da aldea. 2008an atez ateko bilketa abiarazi aurreko urtean, gaikako bilketa %30ekoa zen Usurbilen, San Marko Mankomunitateak zuen ehunekoa (%28) baino hobea; aldiz, Gipuzkoakoaren azpitik (%32) zegoen udalerri hau.
2009ko martxoan atez ateko bilketa Usurbilen abiarazi izanak zeharo eraldatu zuen errealitatea. %30etik %71ko gaikako bilketa izatera igaro zen udalerri hau; aldiz, San Markon %28tik %30era handitu zen, Gipuzkoan puntu bat murriztu zen denbora tarte horretan, %32tik %31ra.
Eta gerora ere handitzen segi zuen ehuneko horrek Usurbilen; %80ko gaikako bilketa izan genuen 2010ean, %81ekoa urtebete geroago, %83koa 2012-14 urte artean, %84koa 2015-16 urte artean, %85ekoa 2017-18 urte artean, %86koa 2019-20 urte artean, %87koa 2021-22 artean. Azken bi urteotan zertxobait murriztu da ehuneko hau; %86ko gaikako bilketa izan zuen udalerri honek 2023an eta %85ekoa iaz.
Bilakaera hau San Marko Mankomunitateak nahiz Gipuzkoak izandakoarekin alderatzen badugu, atez ateko bilketa martxan jarri osteko lehen urteetan ia hirukoiztera heldu zen udalerri honen ehunekoa gainerako bi eremuetako zenbakiei. Usurbilen %80ko muga gainditu ostean, 2010-14 artean %30eko gaikako bilketa izan zuten aipatu bi eremu horietan, %40tik gorakoa izatera heldu ziren 2014-15 urte artean, %50etik gorakoa 2016. urtetik aurrera gaur arte. Ordutik ez dira %60ko gaikako bilketa izatera heldu ez aipatu mankomunitatean ezta Gipuzkoa mailan ere.
2023ko datuen arabera, Usurbilek %87ko hiri hondakinen gaikako bilketa izan zuen, %50ekoa San Markon eta %57koa Gipuzkoan.
Defizita murrizten
Hiri hondakinen gaikako bilketaren balantza ekonomikoa ere argitaratu du Usurbilgo Udalak urtero moduan. Datu horietan ikus daiteke, atez atekoa martxan jarri ostetik gastuak handitzen joan direla urtez urte. 338.000 eurotik 489.000 eurora arte handitu ziren, aurreko bilketa sistema martxan zen 2008tik atez atekora aldaturiko 2009. urtera. Handitzen joan dira ordutik, 1.057.000 eurora arte iaz.
Aipatzekoa da, halere, bilketa honek eragindako diru-sarrerak ere gehitzen joan direla. 136.000 euroko diru-sarrera izan zuen udalerri honek 2008an, 250.000 eurora handitu zen atezkoa abiarazitako 2009. urtean. Iaz, 807.000 euroko diru-sarrerak eragin zituen.
Defizit datuei erreparatuz gero, halere, ez da aldaketa handirik izan. Udal iturrien arabera, atez ateko bilketa martxan jarri aurreko urtean, 2008. urtean 202.000 euroko defizita eragin zuen edukiontzien bidezko bilketa sistemak, 300.000 euro pasatxokoa izatera heldu da zenbait urteetan. Iaz, ordea, 250.000 eurokoa izan zen.