Lau izarreko Zero Zabor Udalerria dugu Usurbil 2023. urteaz geroztik. Horren ziurtagiria eskuratu zuen duela bi urte. Orain, ziurtagiri horren oroigarria jaso du. Duela aste gutxi izan zen, Udalak zehazkiago azaldu moduan, martxoaren 26an eta 27an Bartzelonan eginiko "Residu Zero – Zero Waste Festival" izeneko jaialdian. Rezerok eta Zero Waste Europek antolatu zuten hitzordua eta bertara gonbidatu zuten Usurbilgo Udala. Udal gobernu taldeko ordezkari Ainhoa Arrozpide Landa izan zen bertan. Berak jaso zuen aipatu oroigarria, beste udalerri batzuekin batera, ondoko irudian ikus daitekeen moduan.
“Ziurtagiri honek Europako beste hainbat herriren mailan jartzen gaitu. Udalak bitartekoak jartzen ditu, baina herritarren parte hartzea da gakoa, eta egunero egiten duten lana aitortzen du ziurtagiriak. Jardunaldietan garbi geratu da berrerabilpenean eta murrizketan pausoak ematen jarraitu behar dugula: ideia berriak jasota itzuli gara”, berri eman du Arrozpidek.
Bartzelonako jaialdiak mundu mailako krisi ekosozialari erantzun nahi dio, horretarako zero zaborrerantz jorratu beharreko trantsizio bidea sustatzen du.
Lau izarreko herria 2023tik
Zero Zabor Udalerriak Ziurtatzeko Programara atxikitzea erabaki zuten otsailaren 23ko osoko bilkuran. Erabaki honekin, "Zero Zabor Udalerriak Ziurtapen-programaren barruan Usurbilgo Udalari eska dakizkiokeen betekizunak eta zereginak betetzeko konpromezua" hartzen du, "horretarako, beharrezkoa balitz, dagozkion kontratazioak bideratuz".
Programa hau "abian da Europa mailan eta bertan 24 herrialdeetako 30 erakundek parte hartzen dute, guztiek ere Zero Zabor eredua bultzatu asmoz". Horrez gain, Europar Batasuneko 400 udalerrirekin lan egiten duen programa hau "tutoretza- eta aitorpen-sistema batean oinarritzen da gaur egun".
Datuok kontuan izanda, Usurbil programa horretako ziurtagirian lau izar eskuratu zituen. "Orain arte izar kopuru handiena lortu duen herria da Usurbil, Italiano Capannorirekin batera, hau da, Zero Zabor mugimendua Europan sortu zen udalerriaren pare". Udalak duela bi urte azaldu zuenez, "Zero Zabor Udalerrien Ziurtagiria Europako ziurtapen-estandar bat da, eta hirugarrenek ebaluatzen dute. Zero Waste Europe erakundeak sortu zuen, eta MiZA Mission Zero Academy erakundeak jarri zuen martxan. Zero hondakineranzko trantsizioa bizkortzea eta ekonomia zirkularra Europako herri eta hirietan ezartzea du helburu".
"Harrotzekoa da Europa mailako ziurtagiri bat jasotzea orain arteko puntuazio altuenarekin"
Rezero eta Amigos de la Tierra erakundeek egin zuten auditoretza Usurbilen. "Bete beharreko eta baloragarri ziren irizpideen baitan, Usurbilgo hondakinen kudeaketa aztertu da, eta datozen hiru urtetarako ziurtagiria jaso da".
Lau izar eskuratuta, Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesaren esanetan, “bilketa sistemaz harago, ziurtagiri honek balioa ematen dio Usurbilen egiten dugun hondakinen kudeaketaren emaitzei, eta harrotzekoa da Europa mailako ziurtagiri bat jasotzea orain arteko puntuazio altuenarekin”.
Rezeroren zuzendari Rosa Garciak Usurbilen “lan bikaina” nabarmendu zuen 2023an: “Hondakinen prebentzioan sektore guztiak modu transbertsalean inplikatzea lortu duen udalerri baten adibide bikaina da Usurbilek egindako ibilbidea. Udalerri honetan, bertako biztanleek, urteko, 25 kilo errefus sortzen dute, eta Espainiako batez bestekoa 500 kilokoa da urteko. Nola lortzen da hori? Bada auzo- eta auto-konpostajea orokortuz, sortzez besteko ordainketa ezarriz komertzio eta industria poligonoetan, erabilera bakarreko ontzien erabilera murriztuz, eta abar. Oso pozik gaude zero zabor neurriek udalerrietako hondakinen kudeaketan halako aldaketa eragin dutela egiaztatu ahal izan dugulako”.
Ziurtagiri honi lotuta jardunaldi eguna antolatu zuten Usurbilgo Udalak eta Hobeki elkarteak urte hartan.